andoni egana
HITZ ETZANAK

Tontorra

2020ko martxoaren 26a
00:00
Entzun
Marka bat da. Errekorra. Munduan den altuera handieneko tunela Perun dago. 4.735 metro itsas mailatik. Mendilerroa mendilerro, Chacas eta Carhuaz herriak errepidez elkartu nahia aspaldikoa zen. Duela laurogeita lau urte zer suma zebiltzan; duela zazpi lortu zuten inauguratzea. Túnel Punta Olímpica deitzen diote.

1936an, Berlinen, Hitlerren begiradapean, Austria eta Peruko futbol selekzioak final-laurdenetan. Arauzko denboran, bina. Luzapenean, beste bi gol sartu zituzten perutarrek. Baliogabetu egin zuten partida, eta errepikarazi. Baliogabetzeko aitzakiak asmatu zituzten, baina argi zegoen Hitlerri komeni zitzaiola auzokideek irabaztea. Jokatzeko prest zeudela, perutarrek Benavides Presidentearen telegrama jaso zuten: «Zatozte guztiok etxera!». Min hartu zuen Peruk. Min Hegoamerikak. Umiliatuak baina duin, Berlindik alde egin zuten kirolari perutar eta kolonbiar guztiek.

Handik egun gutxira osatu zuten Andeetako errepide hura nondik nora joan zitekeen ikusteko lehen herritar esplorazio-taldea. 5.015 metrora zegoen gailur batera heldu ziren estreinakoz. Punta Olímpica izena jarri zioten. Italiak irabazi zuen urrezko domina hura. Inor gutxik du gogoan. Perutarrena, berriz... Minak zorionak baino gehiago irauten duen seinale.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.