andoni egana
HITZ ETZANAK

Ziztuan

2020ko ekainaren 4a
00:00
Entzun
Ez nion gure aitona zenak, kalearen erdi-erditik oinez zihoala, atzetik paso eske bozina joz zetorren autokoari esaten zionik bota: «Hago lasai, motel. Ni lehenagokoa nauk hemen hi baino!». Ez nago hain agure petraldua. Eta, gainera, mende erdian asko ikasi dugu nor-nongoei buruz erlatibizatzen.

Baina min eman zidan. Banindoan herriko baso tarte batean behetik gora arnasestuka. Bidexka berriren bat zabaldu zutela jakin nuen, eta nondik nora zihoan nahi nuen ikasi. Maldaren erdi parean, bide ertzean geldirik zegoen gizonezko batek agindua eman zidan. Gazteleraz. Apartatzeko handik, hura mendi-bizikleten jaitsierarako propio prestaturiko bidea zela. Eta egia zen. Bazetozen bi-hiru ziztu batean goitik behera. Apartatu nintzen; pasatu ziren txirrindulariak; bidexka hura utziz gero nondik igo nintekeen galdetu nion adbertentzian jarri ninduenari; adeitsu azaldu zidan; harrapatu nuen muinoa eta kitto.

Gerora jarri nintzen pentsatzen. Jendarte oso espezializatua osatu dugu. Askotan, bere baitan agortzen diren trebetasunei emana. Zertarako balia daiteke mendi-bizikletan jaitsieratan trebea izatea mendi-bizikletan jaitsieratan trebea izateko ez bada? Akaso bai. Agure mingotsa naiz, geografia sentimentala ukitzen didatenean asaldatzen naizena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.