andoni egana
HITZ ETZANAK

Ziurtagiriak

2020ko urriaren 29a
00:00
Entzun
Asteburu pasa egitea erabaki genuen.Larunbat iluntzean Elizondon geneukan jaialdia eta igande goizez Senperen. Ez zuen merezi atzera-aurrera ibiltzerik. Amaiurren egingo genuen lau bertsolariok lo.

Amaitu genuen Elizondoko jaialdia eta kalean barrena afaritara bidean, han sumatu genuen lauotako bat, jaialdia iragartzen zuen hormako txartel bat —non gure izen-deiturak eta argazkiak zetozen— kontu handiz soltatu, tolestatu ongi, eta sakelean sartzen. Bere buruaren —edo gure— jarraitzaile sutsu horietakoa zirudien. Harriturik, zer ari zen galdetu genionean, irribarrez eman zigun azalpena. Behin behar eta inongo dokumenturik gabe zebilela. Biharamun goizean muga pasatu behar genuela eta kontrolen batekin topo egiteko aukera handia geneukala. «Zuek ekarriko zenuten karneta edo pasaportea edo horrelako zerbait, ezta? Konpondua dago orduan. Zuek paperak erakutsi, eta nik jaialdiko txartela erakutsiko diet. Hau Lizaso, hau Murua, hau Egaña eta bestea… ni noski!».

Lagunari barre egin genion orduan, baina neure burua sumatu dut, gaur, jaialdi bat iragartzen duen pantailako txartela inprimitu asmotan. Geure buruen idazkari bihurtu gaituzte sortzaileak. Ziurtagiri biltzaile, ezkutukoaren ziurgabetasunaren bila ibili behar genukeenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.