andoni egana
HITZ ETZANAK

Deskubrimendua

2020ko abenduaren 5a
00:00
Entzun
Ez dakit euskaraz bizi den umeak nola deskubritzen duen gurasoek beste hizkuntza batzuk ere badakizkitela. Nire kasuan, medikutara joatean gertatzen zela esango nuke. Medikuaren itxarongelara iritsi, eta txandan azkenengoa nor zen ahots ozenez eta gazteleraz galdetuko zuen amak. Zain jarri eserita, eta hurrena sartzen zenak galdera bera egitean, amorrazioz betetzen ninduen esamolde batekin erantzungo zuen: «Servidora!». Nire umean, ez nuen gustuko menpekotasun adierazpen hura…

Pandemiak —itxialdiak batik bat, baina ondorengo hilabeteek ere bai— ekarri dituen aldaketen artean bat ia oharkabean pasatu zaigula esango nuke. Umea han dabil bueltaka etxean eta gurasoak telelanean ari dira. Egoerarik gehien-gehienetan euskaraz ezagutu dituen guraso horiek, orain sarri-sarri gazteleraz edo ingelesez sumatuko ditu haurrak, lana lana baita, eta lan-harremanak ez baitira bestelako harremanak bezain euskarazkoak zenbaitentzat. Deskubrimendu bat izango da beretzat. Eta haurra ez baita tonto-tuntuna, barneratu egingo du euskara dela egoera batzuetarako eta erdarak direla beste batzuetarako.

Ni ez naiz nor zure etxean sartzeko. Ez diot nik inori esango larrutarako logelako atea ixtea prezixo den. Baina telelanerako akaso komeni da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.