Miren Amuriza.
BIRA

Baldintzapean

2018ko ekainaren 23a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Zenbait kondizio betetzen dituen artean (justiziaren begietara arau-hausterik egiten ez duen artean, alegia) kondenatuari libertatean egotea ahalbidetzen dion neurria omen baldintzapeko askatasuna. Eta, haiei, Manada-ko kideei ezarri ei diete: pasaportea kendu, Madrilgo Erkidegora (biktimaren bizitokira) hurreratzea debekatu eta astelehen, asteazken eta ostiraletan auzitegian aurkezteko agindu dietelako. Astearte, ostegun eta asteburuetan, jai (Madrilgoa ez beste edozein erkidegotako, Kataluniako zein Euskal Herriko festa-guneetan legerik hautsi barik agertzeko moduan, adibidez).

Geu ere bai, geu ere nahieran ibil gaitezke parrandan; edaten badugu, kontuz ibiliz gero, noski. Eta ezagunen batek eskua sartzen badigu, barrakoari jakinaraziz gero; eta lagunak erretiratzen badira, taxian etxeratuz gero; eta oinez itzultzen bagara, ondo argiztatutako bideak aukeratuz gero; eta norbait segika dugula jabetzen bagara, «sua!» oihukatuz gero; eta erasotzen badigute, larrialdietara joz gero... Eta ba-, eta ba-, eta ba-... Zenbait kondizio betetzen ditugun artean (patriarkatuaren begietara arau-hausterik egiten ez dugun artean, alegia) libertatean egotea ahalbidetzen digun neurriaren menpe gaur-gaurkoz: baldintzapeko askatasunean geu gaude; haiek eta haien aldra-kideak (epaitegietakoak barne) libre dira, bistan denez, gura dutena egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.