andoni egana
HITZ ETZANAK

Tragoa

2022ko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Norbaitekin berriketaldi bat egin zuen, eta hark alde egitean bakarrik geratu zen. Hasi zen gainerakoak zeuden lekura hurbiltzen, baina segituan ohartu zen ez zela lan samurra izango taldera egokitzea. Borobilean zeuden, korroan, eta ez zen erraza han sartzea. Une batez zalantzan geratu zen. Bakarrik egotea ongi ikusia dago. Bakartua egotea, ez hainbeste. Eta haren noraezaz jabeturik, zerbitzari oso zaildu bat etorri zitzaion azpil batean zekartzan edariak eskaintzera. Edalontzi bete bat hartu, eta burua makurtuz eskerrak eman zizkion.

Tankera horretako zerbait edonori gertatu izan zaio ezkontzaren batean, lagun-lagunik ez duen ospakizun edo festaren batean... Baina, telebistan ikusi nituen irudietan, hori Pedro Sanchez Espainiako presidenteari gertatu zitzaion. Ze botere harreman klase bistaratzen dira huskeriatan NATOrena bezalako goi-bilera batean? Ezarritako lekuetatik kanpo dabiltzanean nork hartzen du berriketaldien ardatza eta nor geratzen da kanporantxa? Bikotekideek zer pintatzen dute? Hornidura soil dira? Nork eta nola entretenitzen ditu?

Ez dakit deus kontu horiez. Baina eskarmentuz dakit, horrela hartutako tragoa —bakartuta ez geratzeko, zerbait egitearren...— izaten dela mozkorraldirik handienetarako lehen urratsa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.