andoni egana
HITZ ETZANAK

Abegi

2019ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Aberria. Esaldi pindartsu askoren oinarri eta arrazoi. «Aberria ala hil» da akaso ezagunena, baina badira tankera bertsuko gehiago ere. Simon Bolivarrek esan omen zuen: «Eraiki dezagun aberri bat kosta ahala kosta, eta gainerako guztia jasangarri irudituko zaigu». Gabriel Garcia Marquezen Cien años de soledad-en dator honako pasarte hau: «Pertsona bat ez da inongoa, lurpean hildakoren bat ez duen bitartean». Ursulak tinkotasun goxoz erantzun zion: «Zuek hemen gera zaitezten nik hil egin behar badut, hilko naiz». Beste batzuek, Jaume Perich umoregile kataluniarrak esaterako, erlatibotasuna dute bidelagun ezinbesteko. Berak botea da: «Geografia da zientzia bat zeinak erakusten digun zenbat kilometro aberri maitatu behar dugun. Ez bat gehiago eta ez bat gutxiago».

Aberria. Askok norberea sakratutzat eta besterena huskeriatzat hartzen duen zerbait. Aberria. Izan nahi izatea barregarri, baina batik bat, izan nahi duenari zeurearen izenean galaraztea negargarri den zera hori. Aberria…

Ez dakit lehen inoiz gertatu izan den. Aurten hauteskunde kanpaina bete-betean harrapatu gaitu Aberri Egunak. Pozik entzungo nuke hautagaien ahotan, migrazio bolada honetan, Aberri Egunak abegi-egun ere izatean hartzen duela benetako osotasuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.