Huskeria bat. Deus ez. Baina esanguratsua. Gure herriko jaien lehen gauean begi bistakoa zen herriguneko espazio bat —Musika Plaza— azken urteetan ez bezala gazte jendez betea zegoela. Han, heldu jendea ginen nagusi azken urteetan, eta, aurten, adin nahasketa ikuste hutsak poz ematen zuen. Herriko gazteak han zebiltzan, eta baita kuadrillaka kanpotik etorri eta edariak poltsatan zintzilik zituztela plazara jo zutenak ere.
Eta gertatu zen huskeria bat... Musika Plazan kalejirak kioskoaren inguruan bueltaka egin izan dira beti. Aurten bertakoak hasi ziren betikoa egiten, eta ohituraren berri ez zuten kanpokoak aurkitu zituzten enbarazuan, kokaleku batean kieto, lurrean utzitako botilen zaintzan, pasada galaraziz. Egoskor bertakoak betikoa egin nahi eta ezin zutelako, eta euskor kanpokoak leku hura hartua zeukatelako, tupustekoren batzuk izan omen ziren.
Huskeria. Baina aski ongi adierazten duena zeinen konplikatua den ordenamendu oro. Ez nuke inola ere agintari izan nahi. Gaitasun eta irudimen handia behar da gatazkak itxurantzean gainditzeko. Musika Plazakoa erraza da. Hurrengo urtean herriko errugbi taldekoak omendu. Eman diezaiotela elkarri bizkarretik helduta kioskoari ohorezko buelta, eta bertakoek ikus eta kanpokoek ikas dezatela.

HITZ ETZANAK
Bueltaka
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu