andoni egana
HITZ ETZANAK

Erroetara

2023ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Hala esan zidan lehengoan adinkidea dudan lagun batek: «55-60 urtetik aurrera gehiago kostatzen zaik lehengo lan bera egitea». Ez nion nonbait berak espero bezain suhar erantzun, eta lehen baino ere epai estuagoaz amaitu zuen: «Eta gehiago kostatzen ez bazaik, fin ari ez haizen seinale, lana edozein dela ere».

Demagun lantokian erre-erre eginda zabiltzala. Lanak gaina hartzen dizula maiz. Jakintza gutxi urritu zaizula baina pazientzia asko. Gainetik dauzkazunen erabakiak ez dituzula onartzen sarri eta azpitik dauzkazunen —zure aldean oso gazteak gehienak—joerak ulertzen lanak izaten dituzula. Aldi berean sentitzen zara premiazko eta alferrikako. Aldi berean, gune eta ertzaren ertz. Hasia zaude jubilaziorako falta zaizkizun hilabeteen kontaduria eramaten... Asko eta askori gertatuko zaie horrelako zerbait. Baita herrietako osasun zentroetan ere.

Orain, Osakidetzak familia-mediku eta pediatrei 70 urtera arte lanean segitzeko aukera eman die. Denetik egongo da mediku horien artean ere, eta eskarmentua ez da alferrik galtzekoa izaten sekula. Baina, itxuraz, beharrak bultzatu du horretara Osakidetza. «Zerbait gaizki egin ditek erroetara jo beharrean erreetara jo behar baldin bada», botako luke nire lagun erradikalak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.