BIRA
Memoria
Mola jeneralak eskarmentua eman nahi izan zion beretzat iparraldea zenari, eta hegazkinak bidali zituen gure hiriak leher zitzaten. Martxoaren azken egunean bonbardatu zuten Durango. Hilabete batzuk lehenago txikitu zuten Otxandio, eta hilabete geroago iritsiko ziren hegazkin alemaniarrak Gernikara. Beste herri eta hiri askotan bota zituzten bonbak ahaztu gabe, jakina. Gaur oroimen ekitaldiak egingo dira Durangon, eta notizia entzuten duten otxandiarrek haien herrian gertatu zenaz pentsatuko dute, eta gernikarren memoria Gernikaz entzundakora joango da.
Memoria osatzeko bidean, aurrerapausoak eman behar genituzke. Badakigu bonbak bota zizkigutela, eta ez dugu hori errepika dadin nahi. Ez dezagun ahaztu, ordea, ez zela gerra zibilik izan. Faxistek estatu kolpea eman zuten, eta ez da kasualitatea gure amamaren mundu ikuskeran Durango ez izatea herri maitatua; karlista asko zeudela esaten zuen. Gauza bera esaten zuen, ordea, Ondarroako lagun baten amak Gernikari buruz. Pentsatzen hasita, nola esango zuen inork ez zegoela irabazleekin ados, egin zezaketena ikusi eta gero? Horretaz ere hitz egin beharko genuke efemeride hauetan: bonbak bota eta gero eraiki zutenaz, besteei eraikitzea galarazi zietenaz, materialki zein sinbolikoki kendu zigutenaz.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.