Hasi da hauteskunde kanpaina. Hasi da promesak egiteko epea.Ez dira 48 ordu bete lehen kartelak jarri zirenetik eta behar dugun ia guztia dago nonbait idatzita: liburutegia, kiroldegia, eukalipto gabeko basoak... Gero etorriko da esandakoak bete daitezkeen edo ez ikusteko ordua. Gero, ordea, salda bero. Ez dit berdin nork irabazten duen. Eta, aldi berean, askotan haserretzen naiz botoa emango diodan alderdiarekin. Baita gure herriko hautagaiarekin ere. Aukera perfekturik ez dago, baina aukera batzuk besteak baino askoz hobeak direla iruditzen zait. Gurean bai behintzat. Badakit ze herri eraiki ziguten 1987tik 2011ra, eta badakit nolakoa eraikiko luketen orain ere aukera izango balute. Hasi naiz baten eta bestearen programak irakurtzen eta porlan kopuruetan alde nabarmena dago: batzuek ez dute beste ezertaz hitz egiten. Beste batzuek aipatzen dute, baina bueno, eta askok ez dute promesik egiten arerioak gutxiestea nahikoa zaielako.
Kanpaina hasi da eta inork ez du galdu nahi. Bakoitzak bere indioilarra erakutsi behar digu, baina indioilarrik ederrenek labean amaitzen dute. Ez zait konparazio txarra iruditzen. Politikak, bihotzez egiten denak, politikan ari direnak erretzen ditu. Hauteskunde kanpainek, ordea, herritarrak erretzen dituzte, paper eta promesa artean.

BIRA
Hasi da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu