andoni egana
HITZ ETZANAK

Espazioa

2019ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Gaztelerazko hedabideren batekin bertsolaritzari buruz ari nintzela, zailtasun uneren bat jasaten nuen beti. Baserritarra nintzen galdetzen zidaten, eta ezetz erantzuten hasten nintzen, kalekoa nintzela. Bote lasterrera zetorkidan erantzunak neu lotsagorritzen ninduen: «No, no... Soy de la calle». Ez zela erantzun modu egokia jabetzean, konponbide bila ekiten nion. «Soy del pueblo». Baina ez zen hori ere esan nahi nuena. «Soy de la ciudad...». Eta gezurra zen hori. «Soy urbanita»... Eta hori ere ez zen egia!

Beste hizkuntza batean aritu beharrak izugarri gatazkatsu bihurtzen zidan euskaraz hain sinple eta nerezkoa zitzaidan kaleko izatea.

Kontu horiek etorri zaizkit gogora, azken hiru urtean zumaiar batzuek horma berean egindako 98 mural udalak egin ahala ezabatu dituela irakurtzean. Kalea, artearen hizkuntzan ere, gatazkatsu zitzaion, nonbait, lehengo alkateari. Kalearen ordez «espazio publiko» esamoldea erabili eta esaldi ponposo batean txertatuz gero, onartu egingo zukeen. Esaterako: «Arteak, artifizio soil izan ez dadin, igurtzia behar du inguruarekiko eta espazio publikoaren diseinuan ezinbestekoa da bere lekua izan dezan, osotasunean eraikitako herriak herritarren bizi-kalitatean eragiten baitu».Hori da, ba, mural bat!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.