andoni egana
HITZ ETZANAK

Kupeletara

2019ko urriaren 17a
00:00
Entzun
Poloniar batek sortua omen da. Kartzelan zegoen 1885ean, errusiar okupatzaileei aurre egin zielako. Handik bi urtera, langile poloniarrek kantatu egiten zuten manifestazioetan, eta belarrira aise sartzen zelako edo auskalo zer arrazoirengatik, Europara zabaltzen hasi zen. Warszawianka zuen izenburu.

Gerra Zibila sortzear, alemaniar gazte batzuk ekarri omen zuten hegoalderago. Askotariko bertsioak daude, penintsulan nola txertatu zen azaltzen dutenak. Horietako batek dio 1932an Alfred Shulte izeneko gazte anarkista alemaniar bat hartu zuela Bartzelonako etxean CNTko kultur sailaren arduradun zen Orobón deiturako batek. Baineran zegoela, kantuan hasi omen zen alemaniarra. Doinuaz txunditurik, koaderno batez hurbildu omen zitzaion doinu-letrak kopiatzera. Gero, hura ere alemaniarra izaki, emazteak segituan egin omen zuen.

A las barricadas! gisara ezagutzen dugun kantuak Bartzelonarekin zerikusi handia du. 1936ko irailean, gerra hasi eta bi hilabetera, harro zebiltzan bartzelonarrak Francoren altxamenduak makurtu ez zituelako. Udal Musika Bandak publikoan behin eta berriz jotzen zuen pieza, eta jendea sutu. Urte hura amaitzerako, Orfeó Català-k disko bat grabatu zuen abestiarekin... Herenegungo irudiak ez dira atzo goizekoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.