andoni egana
HITZ ETZANAK

Konformidadeaz

2020ko uztailaren 7a
00:00
Entzun
Badira hitz asko gazteleratik hartu izan ditugunak. Baina horietako batzuk badute ezaugarri bitxi bat: jatorrizko hizkuntzan galdu egin dira, eta gurean oraindik indarrean daude. Derrigor hor daukagu; komun hitzarekin gertatzen da; mesanotxe hitzarekin ere bai. Gazteleraz ari zarela esazu deskuidatuta hiruretakoren bat, eta iseka egingo dizute. «Horrela esaten zenutelako esaten dugu guk horrela. Zuei ahaztu egin zaizue. Guri ez», zuritu beharko duzu zeure burua...

Konformidade hitzarekin tankerako zerbait gertatzen da. Guk hitzetik hortzera erabiltzen dugu. Gutxienetan adostasuna adierazteko: «Eman egingo diot nire konformidadea». Maizago egoerarekiko etsipen onartua azaltzeko: «Konformidadea da zoriontsu bizitzeko modu bakarra». Tarteka, kausa-ondorioen arteko oreka azpimarratzeko: «Soldataren konformidadean gastatu beharko dugu». Bitartean, gaztelerazko hiztunek oso atzendua daukate ditxosozko hitza. Etsipen onartua azaltzeko premia gorria ez du, ordea, haizeak eraman. Eta ordezko esamolde bat aurkitu behar izan diote. Bide luzea egin du aski denbora laburrean es lo que hay-k.

Igandean hauteskundeak. Dirudienez, es lo que hay betean murgilduta gaude. Ez diot egoerari konformidaderik eman nahi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.