andoni egana
HITZ ETZANAK

Behiak

2021eko otsailaren 25a
00:00
Entzun
Arthur Shopenhauer filosofo alemaniarrak gazte-gaztetatik adierazten zuen gizartearekiko ezkortasuna. Eta ez zekien ezkutatzen. 19 urte zituela, hala idatzi zion amak gutun batean: «Nire lagunekin afaltzen dudan astegunetan ere gera zaitezke gurekin. Baina otordu ostean isil-isilik egotekotan. Zure hitz eta ideiekin ez dituzu nire lagunak aztoratu baino egiten. Gero, gaizki egiten dut lo. Eta niri lo ongi egitea gustatzen zait…».

Ez dakit amaren petral punttuak semearen ezkortasunean zerikusirik izan zuen. Betiere arrazoiarekin aterazalea, behin eman zioten kokoteko ederra Arthurri ere. Adiskide bat eta biak mendi-buelta bat egiten ari zirela, hegazti baten zirinak adiskidearen sorbalda jo zuen. Jaka zuria zeraman, gainera, soinean. Filosofoak bere aldera erabili nahi izan zuen pasadizoa: «Ikusten? Nik arrazoi. Mundu nazkagarri batean bizi gara». Sorbaldatik zirina kentzen zuen bitartean hala erantzun zion lagunak: «Ez dut uste. Okerragoa izan zitekeen. Pentsa nire jaka nola legokeen orain, behiek hegan egingo balute!».

Tabernariek adina hots ez dugu atera, baina kultur sortzaileontzat ere beltz dator urtea. «Zer moduz zuek?» galdetzen didatenean, Shopenhauerren lagunaz akordatzen naiz erantzuteko: «Behiek hegan ikasi arte… hainbestean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.