andoni egana
HITZ ETZANAK

Sarea

2023ko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
Errotan nahiz errioan; muga-mugan eta fronteran. Estraperloak bazuen halako osagai erromantiko bat. Horretan aritzen ez zenak ere, begi onez ez ikusi arren, ez ikusiarena egingo zuen gutxienez. Ilargiaren argia gaueko ilunetan; ezkutuka ibili beharra; joan-etorri zamatsuak... Eta, batik bat, buruargitasuna eta ausardia autoritateari iskin egiteko. Bizi behar bazen zerbait egin beharra zegoen. Aberatsen gutiziak betetzeak bizimodua errazten bazuen, izan zitekeen justuan zebilenaren irtenbide...

Alderdi erromantiko hori galdu du estraperloak. Berriak entzun besterik ez dago. Hogeita zazpi atxilotu, horietako batzuk Euskal Herrian. Egoitza fisikoa leku batean eta fiskala bestean daukaten enpresak. Milaka kilo angula, hamalau tona azken urteetan. Hozkailuak dituzten furgoneta eta kamioiak. Haztegiak txitxardinak haz zitezen, Anberes eta Parisko aireportuetatik gertu. Japoniara edo Txinara hegazkinez bidaltzeko edukiontziak. Ia zazpi milioi euroren irabaziak... Erromantikotik ez du deus antolakuntza horrek. Sare erraldoi bat osatu dute, aintzat hartu gabe bahea duela tresna anguletara doanak, ez sarea. Kriseiluarekin eta bahearekin doanak izango ditu estualdiak, isunen bat, atxiloaldiren bat akaso... baina ez du tamaina honetako sarekadarik jasango.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.