andoni egana
HITZ ETZANAK

Etxean

2023ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Igande gauez ikusi egin ahal izan genuen. Bartzelona futbol taldeak aurtengo liga irabazi berri zuen Espanyol taldearen zelaian eta jokalariak ospatzen ari ziren, nabarmenkeria handiegirik egin gabe. Espanyol taldeko zale ultrek ezin izan zuten horrelakorik eraman. Non, eta euren etxean? Ehunen bat lagunek zelaira jauzi egin zuten eta Bartzelonako jokalarien bila joan ziren lasterka. Hauek aldagelan sartu behar izan zuten, presaka. Hedabideek azpimarratu dutenez, «ez zen ezer gertatu». Baina gertatu zen.

Biharamunean, hizpide izan genuen lagun batek eta biok. Jarrera fatxak nola indartzen ari diren, nola futbolak erakartzen dituen askotan horrelako jarrerak dituztenak, nola gero eta beldur handiagoa sortzen duen horrelakoen jokamoduak... «Milaka foku eta ehunka kameraren aurrean hori egiteko kapaz direnek zer ez dute egingo ilunpean kale kantoi batean?», bota zidan lagunak.

Ez genekien une hartan, baina Bartzelonakoa gertatzerako gertatu zen Villabonakoa. Kuadrilla bateko hamabosten bat lagunek kolonbiar bikote gay bat egurtu zuten igande goizaldera. «Maricones de mierda» deitu zieten joka hastean. Eta euren herrialdera itzultzeko agindu, hura ez zela euren tokia eta. Espanyoleko zaleak bezala, beraiek ziren nonbait etxean zeudenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.