andoni egana
HITZ ETZANAK

Zahar

2019ko maiatzaren 28a
00:00
Entzun
Lehen mailako futbolari ezagunak, gehienak zu baino gazteagoak direla jabetzen zarenean hasten omen da beste bizitza zati bat. Hauteskundeen emaitzak ere izaten dira aski neurgailu. Zure herriko azken bi-hiru alkateak zu baino gazteagoak badira, alferrik aldarrikatuko duzu zure gaztetasuna.

Astelehen hau bereziki latz gerta daiteke begia jarri behar ez duzun lekuan jartzen baduzu. Lagintzat hartu dut Gipuzkoako Batzar Nagusietarako hauteskundeen emaitza. 51 batzarkideetatik 28 dira emakumezkoak eta 23 gizonezkoak. Tira... Ez nau asko harritu datuak, eta harritu nauen pittina onerako harritu nau. Adinei begira jartzea bururatu zait gero, ordea. Eta ohartu naiz 51 batzarkide horietatik3 baino ez direla ni baino zaharragoak. Ideia batzuk etorri zaizkit garunean likatu zaizkidanak. Esaterako, senatari hitza nondik datorren erabat ahaztu zaigula, ez dela zaharraren jakintza pilatua aintzat hartzen. Edo gure adin-jirako jendea ez dagoela saltsa handiegietan sartzeko prest, hemen eta orain.

Zaharra gaixo sano bat baino ez dela esan zuen norbaitek. Ni, Pablo Picassorenarekin geratzen naiz: «Zerbait egiteko zaharregia naizela entzuten dudanean, ahalik eta azkarren saiatzen naiz zerbait hori egiten». Ez naiz politikaz ari...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.