Onintza Enbeita
BIRA

Lan handia

2023ko maiatzaren 30a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Pozik nago. Baina ez erabat. Poztu egiten naiz Armaniz jantzi arren manifestaziotik zetozen haiek hauteskundeetan lortu dituzten emaitzengatik. Lan handia dago egiteko, hala ere. Batzuek botoak zenbatzen eta atzotik aurrera zein paktu posible zeuden aztertzen ari ziren bitartean, gizon batek bikotekide ohia hil zuen Gasteizen. Hil eta ordu batzuetara aurkitu zuten, 3 urteko umea ondoan zeukala. Komunikabideek esan zuten onik aurkitu zutela umea, baina ez da espresiorik egokiena egoera deskribatzeko. Eta euskaldun gehienek gaztelaniaz ikusi zuten hauteskunde gauaren kronika. Eta hautagai guztiek ez daukate elkarrizketetan euskaraz egiteko mailarik. Bai, lan handia daukagu aurretik. LGTBI+ siglek esan nahi dutena ere ikasi egin behar dugu aurrerantzean galdetzen digutenerako. Eta hori gutxi balitz bezala, lehen sektoreari benetan erantzun behar zaizkio galderak eta konpondu aferak, eta pentsioak duinago behar dira, eta kulturak biziraun ez ezik sortu egin behar du, eta hezkuntzan dauden arrakalak ixteak mesede egingo digu, eta etxebizitza eskubidea bermatu egin behar da... eta hainbat gauza gehiago. Hauteskundeak hauteskunde, nahi adina motibo daude oraindik ere manifestazioetara joateko. Berdin du kaikua daramagun edo trajez goazen, bainalan handia dago egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.