Albistea entzun

Mikel Mardones

Gozatuz, lehiatzera

Lanak eman dio saria: Bakun egingo den Munduko Txapelketan parte hartuko du Mardonesek, tranpolineko gimnastikako minitranpolin bikoitza modalitatean. Ilusioz helduko dio erronkari.
MONIKA DEL VALLE / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Jone Bastida Alzuru -

2021eko azaroak 23

Teknika, arintasuna, abilezia eta dotorezia. Horiek guztiak biltzen ditu Mikel Mardones gimnastak (Bilbo, 2000), eta horrek eman dio Bakun egingo den Munduko Txapelketan parte hartzeko aukera. 17 eta 21 urte artekoen multzoan lehiatuko da, ostegunetik igandera, tranpolineko gimnastikako minitranpolin bikoitza modalitatean. «Gogotsu» eta «ilusioz» helduko dio erronkari.

Bilboko Buelta ta Saltoka klubean aritzen da Mardones, eta Txurdinagako kiroldegian entrenatu ohi da. Lehen esperientzia izango du Munduko Txapelketa batean, eta gozatzeko asmotan bidaiatu du; Azerbaijanen daude jada hura eta Iker Villagra entrenatzailea talde teknikoan dago. Azken astea «luze» egin zaiela aitortu dute.

Helburuen inguruan galdetuta, txapelketaz disfrutatzea izango da gakoa, baina finalerako sailkatzeko borrokatu nahi dute. Hala dio Mardonesen entrenatzaileak: «Gure helburua munduko txapelketara iristea zen. Eta behin han, finalera pasatzea. Aukera baduela uste dugu». Mardonesek dio prestatu dituen saltoak «ondo» egitea nahiko lukeela, eta badu zerbait berezia gordea finalerako: «Zailtasun handia duten jauziak prestatzen ari gara, eta finalerako bi salto ezberdin ditut. Adibidez, horietako bat jauzi nagusi hirukoitza litzateke. Salto hori egin, eta zutik amaitzeko gogotsu nago». «Azken traka» moduan definitu du Villagrak.

Munduko Txapelketan aritzea «merezitako saria» duela uste du haren entrenatzaileak. «Lan handia egin du. Eta ez bakarrik azken urte honetan». Halere, Mardonesek dio ez zuela espero han egotea. «Uste dut oraindik ez dudala guztiz barneratu, eta bueltatzean apur bat kontzienteago izango naizela. Orain amets batean bezala nago». Eguna gerturatzen ari den heinean, hasi dira urduritasun zantzuak sumatzen.

Ziur da Villagra talde teknikoan egoteak mesede egingo diola. «Oso lagungarria izango da. Iker beti egon da hor, entrenamendu eta txapelketa guztietan, txikitatik, eta oso ondo ezagutzen nau. Oso urduria naiz, eta Ikerrek asko laguntzen dit». Bidelagun ona du. Gainera, konfiantzaz beteta iritsiko da, urrian egin zen Espainiako Txapelketan lehen postua eskuratu baitzuen. «Oso pozik geratu nitzen. Presio handia nuen. Banekien lehiakide guztietatik ni bakarrik noala Munduko Txapelketara, 17-21 mailan, eta ongi aritu beharko nuela. Halere, nahiko lasai egon nintzen, eta pozik nago izandako jarrerarekin». Gaineratu du txapeldun izatea lortutakoan Munduko Txapelketan parte hartzea «merezi» duela sentitu zuela: «Orain, esperientziaz disfrutatu nahi dut».

Langilea

Villagrak azaldu du gimnasta «langilea» dela Mardones, eta «tematia»: «Zerbait buruan sartzen bazaio, lortu arte jarraitzen du». Eta nabarmendu du: «Oso gimasta ona da». Horrez gain, beti laguntzeko prest dagoela dio. Dituen indarguneak aztertu ditu: «Gimnasta altua eta argala da. Beraz, arrisku jauzi nagusiak eta birak egitean, zeharkako birak egitean, oso politak egiten ditu. Hori da haren jauzi onena: saltoa birekin». Etorkizun oparoa aurreikusten dio. Horretarako, baina, konfiantza gehiago izan behar duela dio. «Bere burua da bere trabarik handiena».

Mardonesek berak ere «burugogorra» dela dio, eta helburua lortu arte ez duela «deskantsatzen». Pixkanaka urduritasuna kudeatzen ikasten ari dela azaldu du, eta bilakaera izan duela gimnasta gisa. «Ez bakarrik saltoen zailtasunean, baita jarreran ere. Nire aurreneko txapelketetan, beti ari nintzen negarrez, edo gaixotu egiten nintzen. Orain, jada apur bat kontrolatuz noa, eta ez naiz hain urduri jartzen».

Pasioz hitz egiten du gimnastikaz. «Betidanik gustatu zait hegan egitea, bueltak ematea. Gainera, deskonektatzeko ere balio dit».

Mardonesek 9 urte zituela izena eman zuen gimnastikan, baina betidanik izan du saltokari sena. «Festak zirenean-eta, beti esaten nien gurasoei ohe elastikoetara joan nahi nuela. Neure kabuz egiten nituen jauzi nagusiak, aurrera eta atzera». Hala, ohe elastikoak zeuden klub bat zegoela jakin zuen Mardonesen aitak, eta alabarentzat aproposa zela iritzi. Baita asmatu ere. «Nire izena eman zuen, eta hor geratu naiz betiko».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Jon Pacheco, Aritz Elustondo zoriontzen, hark Realaren bigarren gola sartu ondoren. ©DUMITRU DORU / EFE

Xeriff ere, girgilurik jarri ezinda

Jon Ander De la Hoz

Realak irabazi egin ditu Europa ligan jokatutako partida guztiak; azkena, Moldavian. Eskura du sailkatzea. Silvak eta Aritzek sartu dituzte golak

Moi Gomez, baloiarekin, Rayoren aurkako partidan. Aimar Oroz ageri da hari begira. ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Aldaera berri bat gehitu du

Iñaki Berastegi

Jagoba Arrasate joko landuaren alde egiten ari da. Moi Gomez eta Aimar funtsezkoak izan dira estilo berria txertatzeko. Osasunak Valentzia hartuko du gaur gauean Sadarren.

 ©BERRIA

Elezkano eta Artola elkarren aurka ariko dira gaur

Julen Etxeberria

Danel Elezkano eta Iñaki Artola elkarren aurka ariko dira gaur Villabona-Amasan, lau eta erdikoaren final-zortzirenetan. Biek esan dute «nahi baino partida gutxiago» jokatu dituztela udan, baina «esperientziak» lagundu diela egoerara egokitzen.

 ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

«Luzerako egon nahiko nuke hemen»

Iñaki Berastegi

Denbora gutxian «ondo» egokitu da Ghiorzi Euskal Herrira. Eibar egitasmo «polita» dela uste du, eta atzera ere kanporaketetarako sailkatzeko gai ikusten du taldea sasoi honetan.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...