Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Epelak ere bero

2021eko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Aspaldi da ez nauela lan batek —izan filma, izan antzezlana, izan kontzertua— benetan hunkitzen; aspaldi ez nauela aztoratzen, haserrearazten; ez didala erreakzio kontrolaezinik pizten. Ez da egia-egia, baina tarteka topatzen dut neure burua halako zerbait esaten, eta entzunak dizkiet hitz bertsuak inguruko adinkideei ere. Frustraziotik baina, neurri batean, gure epeltasunaz harro: «Ikusi dugu dena, indiferenteak gara dagoeneko».

Baina, halako batean, ezusteko zerbaitekin topo egin, eta kolpetik pitzatzen da ordura arte hain biribila zirudien indiferentziaren teoria. Hori da pasa den asteburuan gertatu zaidana: Belarri bero, bai esan? websaila da erruduna. Uxue Amonarrizek, Aitor Altunak eta Uxue Bereziartuak garatu dute 2019an Hernaniko Udalak (Gipuzkoa) emandako sorkuntza beka baliatuta, eta haiei zor diet aspaldian egin dudan barre algara saio gustagarriena.

Telefonozko zerbitzu erotikoa eskaintzen duen enpresa bateko lau emakumeren gorabeherak jaso dituzte sei kapitulutan. Taldekako eszenetan erritmo apur bat falta bazaio ere, une gogoangarriz dago josia. Dorleta Urretabizkaia, Nerea Arriola, Olaia Gil eta Olatz Beobide aktoreek lan bikoitza izan dute: euren pertsonaia eraikitzeaz gain, pertsonaiak berak telefono deietan gorpuzten dituen rolak ere bikain garatu dituzte. Plano-sekuentzia gisa grabatutako deiak urre gorria dira.

Estreinaldia izan zen larunbatekoa. Estreinaldia: hitz larriz ere idatz litekeen horietakoa. Aurkezpen huts bat baino gehiago, festa erabatekoa izan baitzen, ospakizun eguna. Egileentzat, bi urte hauetan laguntzaile izan dituzten horiei guztiei eskerrak eman eta jasotakoa bueltan emateko aukera. Ikusleentzat, hiru sortzaileei egindako lana aitortu, berotasuna eman eta garaipen kolektibo gisa —gustuko kirol taldeak irabazten duenean bezainbeste— bizitzeko parada. Oraindik ajearekin izango da bat baino gehiago.

Bere herren txiki zein bertuteekin, websail benetan erakargarria da Belarri bero, bai esan?; ziur asko, aspaldian bazterrotan umoretik egin den lanik interesgarriena. Baina, hori bezainbeste, lagunartean, komunitate zabal baten babesarekin eta ederki izerdituta erditu den lan korala da. Eta horrek, telefono deien eszena zoragarriek bezala, ezin du inor epel utzi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.