Albistea entzun

Tina Turner

Rockaren ahots boteretsua isildu da

1950eko hamarkada amaieran hasi zen oholtzetara igotzen, eta 2013an hartu zuen erretiroa, mende erditik gorako bide arrakastatsua osatuta. Bere boz eta jarrera indartsua izan zituen ikur beti. 83 urterekin hil da.

STEFFEN SCHMIDT / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Ainhoa Sarasola -

2023ko maiatzak 25

Indarra. Hitz horrek ongi definitu lezake Tina Turnerren ahotsa. Baita haren jarrera ere. Zuzeneko guztietan ikuskizuna eskaini ohi zuen, eta zaleei eskutik helduta osatu zuen 50 urtetik gorako ibilbide arrakastatsua musikan. Gospeletik, souletik, rhythm and bluesetik eta sortzen ari ziren rock doinu berrietatik edanez garatu zuen bere estilo bereizgarria, eta Rockaren erregina ezizena irabazi zuen urteekin. Atzo isildu zen haren ahotsa. Kusnachteko bere etxean (Suitza) hil zen Tina Turner, 83 urte zituela eta «gaixotasun luze baten ondotik», haren bozeramaileak jakitera eman zuenez. «Musikaren legenda bat eta bizitzan jarraitzeko moduko eredu bat galdu ditu munduak».

Anna Mae Bullock zuen sortze izena. Brownsville hirian (Tenesee, AEB) jaio zen, 1939an, familia txiro batean, eta ez zuen haurtzaro errazik izan, eskola jazarpenak eta gurasoen abandonuak sortutako samina tarteko —bere amak ez zuela sekula maite izan idatzi zuen bere memorietan—. Amonarekin bizi izan zen, eta artean Turner nerabea zela hil zen; St. Louis hirira jo zuen orduan, eta hainbat lanetan jardun zuen. Tartean, Aillene ahizparekin clubetan kantatzen hasi zen. Haietako batean ezagutu zuen gerora taldekide eta senar izango zuena, Ike Turner; Kings of the Rhythm bere taldearekin kontzertua ematen ari zen pianista eta gitarra jotzailea. Bullock kantatzen entzun eta berehala harritu omen zuen haren bozak, eta bandara batzera gonbidatu zuen handik gutxira.

 

1960an A Fool in Love abestia grabatu zuten, eta arrakasta handia lortu. Orduan ezarri zion Ike Turnerrek Bullocki Tina Turner izena, eta Ike & Tina Turner, berriz, bere taldeari. Laster helduko ziren arrakasta gehiago: River Deep, Mountain High (1966) diskoak nazioarteko sona ekarri zion bikoteari. Garaiko beste talde nabarmen batzuen kontzertuen aurretik ere maiz aritzen ziren zuzenean, eta, hain zuzen ere, oholtza gainean erakusten zuen batez ere bere indarra Tina Turnerrek.

Ospe hori are gehiago zabaldu zuen Proud Mary-k (1971), bikotearen lanik arrakastasuenetako bat izan zenak. Aldi berean, baina, senarraren tratu txar fisiko eta psikologikoak urte luzez jasan zituen abeslariak; hori zuen eguneroko latza fokuetatik kanpo, gerora kontatu zuenez —«Ezpain hautsiak, begi ubelak, artikulazio dislokatuak eta tortura psikologikoa nire eguneroko bizitzaren parte ziren», adierazi zuen elkarrizketa batean—. 1978. urtean, dibortziatzea lortu zuen azkenean, ez aurrez senarrak jarritako oztopo ugariei aurre egin gabe. Bere bakarkako bidea hasteko ere traba ugari izan zituen. Baina agertokietan erakutsi ohi zuen indarra haietatik kanpo ere bazuela frogatu zuen beste behin ere.

Bide berri bat urratzera

Aurreko urteetan hainbat lan plazaratu bazituen ere, 1980ko hamarkadan berreskuratuko zuen sona abeslariak batez ere. Bakarka, oraingoan. Ball Of Confusion (1982) eman zuen lehendabizi, eta beste musikari batzuetan lanetan ere aritu zen kolaboratzaile bezala. Baina bereziki, Private Dancer (1984) bakarkako albumak eman zion aurrera segitzeko behar zuen bultzada; kritikaren eta entzuleen txaloak ez ezik, hiru Grammy Sari lortu zituen hari esker. Album hartan jaso zituen, besteren artean, Let's Stay Together, Better Be Good To Me, Private Dancer, I Can't Stand The Rain, Show Some Respect, eta What's Love Got To Do With It? kantuak. Munduan zehar lehen bira egin zuen 1985ean.

Haren ondotik plazaratu zituen Break Every Rule (1986), Live in Europe (1988) eta Foreing affair (1989) diskoak. Azken horretan bildu zuen The Best abestia, zeina ezagunenen artean bilakatu zen denborarekin. Hain zuzen ere, 1990eko urteetan plazaratu zuen Simply The Best bilduma, eta hainbat mundu bira egin zituen hamarkada hartan ere.

Lehen aldiz agertoki bat zapaldu eta 54 urtera utzi zuen musika, 2013an, 73 urte zituela; 22 album kaleratu —estudioko hamabi, hiru zuzeneko eta zazpi bilduma—, 200 milioitik gora disko saldu eta Grammy sarietarako 21 alditan izendatuta egon ostean. Suitzan eman zituen bere bizitzako azken urteak.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Itziar Leemansen 'Ximinoa' filma. ©Gastibeltza Filmak / Al Borde Films

Del Campo, Herguera, Leemans eta Perez Sañudo, Kimuak-en katalogoan

Andoni Imaz

Hautatutako zazpi film laburretatik bakarra da euskara hutsezkoa: Iban del Camporen Sorbeltza. Itziar Leemansen Ximinoa euskaraz eta frantsesez da.

Iruñeko Gazteluko plaza, 2022ko uztailaren 6an, Carlos Jean DJa ari zelarik. ©Rodrigo Jimenez, EFE

Merina Gris, Olaia Inziarte, Skabidean eta ETS Iruñeko sanferminetan arituko dira

Uxue Rey Gorraiz

Uztailaren 6tik 13ra izanen diren kontzertuak iragarri ditu Iruñeko Udalak: kontzertuak Gazteluko plazan eta Konpainia plazan izanen dira. Foruen plazan DJak ariko dira, arratsaldez eta gauez.

Josu Penades idazlea, atzo, Donostian, eleberria eskuetan duela. ©JON URBE / FOKU

Egarriak asetzeko hiru motibo

Naroa Torralba Rodriguez

Josu Penadesen 'Egarria' eleberria eman du Alberdaniak. Aita-seme batzuk ditu protagonista
 ©JON URBE / FOKU

«Tokiko zinema bat pentsatzeak mesede egingo luke»

Andoni Imaz

Zinemaren industriatik aparte dabil Costa eroso, eta bide horren balioa defendatzen du, autore zinema «ustelaren» aurrean. Miresten dituen zinemagileak ekartzen ditu ahotara maiz: «Poesia galtzen ari da».

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.