Euskal Herria 2040an nolakoa izan daitekeen aztertu du Jakinek

Imanol Esnaola, Jule Goikoetxea, Felix Arrieta, Garikoitz Goikoetxea eta Itsaso Olaizola adituek proposatutako prospekzioak bildu ditu aldizkariaren 251. zenbakiak

Inigo Astiz
2022ko urriaren 28a
00:00
Entzun
2040ko Euskal Herria irudikatzeko eskatu zien Jakin aldizkariak hainbat pentsalari eta adituri uztailean Usurbilen (Gipuzkoa) egindako jardunaldietan. UEUrekin eta Usurbilgo Udalarekin batera antolatu zituzten saio haiek. Baina paisaia apokaliptikoetatik urrundu, etorkizun hori desiragarri nola egin litekeen adierazteko ere eskatu zieten hizlariei.

Erronka demografikoa aztertu zuen Imanol Esnaola Arbiza 2004tik iaz arte Gaindegiako koordinatzaile izandakoak, han. Espazio neoliberal eta patriarkalaren sorkuntza aztertu eta espazio emantzipatzaileak ekoizteko bideak proposatu zituen Jule Goikoetxea Mentxaka EHUko Politika eta Administrazio Zientzia Saileko irakasleak. Zaintza sistema integral baterantz eman beharreko pausoak azaldu zituen Felix Arrieta Frutos Deustuko Unibertsitateko Gizarte Laneko arloko irakasleak. Euskara biziberritzeko gakoez aritu zen Garikoitz Goikoetxea Etxeberria Uemako euskara teknikaria. Eta euskara jarri zuen Itsaso Olaizola Azurmendik lurralde bizigarriak eraikiz joateko estrategiaren muinean. Eta hizlariok udan egindako gogoetak argitaratu dituzte orain aldizkariaren 251. zenbakian.

«Egungo biztanleria inoizko jendetsuena bada ere, inoizko zahartuena eta lurraldeari dagokionez oso kontzentratua da», esaldi horrek laburbiltzen du Esnaola Arbizak bere artikuluan egungo Euskal Herriari ateratako argazki demografikoa. Baina e,torkizunean izan dezakeen bilakaera ere aztertzen du autoreak. «Etorkizunean pentsatzekoa da biztanleriak hazten jarraituko duela migrazioari esker, baina hazkunde horrek lurralde patroi argia izango duela, metropolizazio handikoa». Eta, hain justu, egoera horretan ongizatearen, inguruaren zaintzaren eta euskararen iraupena bermatzeko prospekzio ariketa «eraginkorrak» diseinatzeko beharra nabarmentzen du.

Eta, nolabait ere, lehen artikuluak deskribatutako paisaia orokor horren gainean eraiki dituzte beren hipotesiak ondoren datozen beste lau egileek. Izan ere, demografia da Goikoetxeak euskarari buruz egindako prospekzioaren oinarria. «Espero izatekoa da ezagutzak gorantz jarraituko duela datozen urteetan, baina, norabidea ikusita, oso litekeena da ezagutzaren eta erabileraren arteko tartea areagotzea, azken urteetan gertatu den eran». Eta herritarren zein erakundeen bultzadaren beharra aipatzen du, euskaraz aritzeko hautua egiten dutenak «elikatzeko».

Populazioak hirietan biltzeko joera ikusirik, bestalde, espazio desmerkantilizatuak eta familiaren egituratik pasatzen ez diren zaintza sare egonkorrak proposatzen ditu Goikoetxeak bere testuan.

Kulturarako dirua

Dom Campistron ilustratzaileak askatasunean irudikatu du 2040ko Euskal Herria, aldizkariko kontrazaleko irudian. Bi dantzari marraztu ditu horretarako, elkar muxukatzen, zintak airean dantzan.

Egunen gurpilean izeneko atala ere badu azken aldizkariak. Maialen Akizu Bidegainek Eusko Jaurlaritzak 2022an kulturari eskainitako aurrekontuak aztertu ditu, sorkuntzari zenbat eskaintzen zaion aletuz, tartean. Eta, besteak beste, kaleetako bideozaintzari eta telelanak ezarritako kontrolari buruz idatzi du Iñigo Martinez Peñak bere artikuluan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.