Eusko Legebiltzarra. 2015eko aurrekontuak

Aurrekontu eta zerga politika «iraultzeko» eskatu dute sindikatuek

ESK eta EILASek salatu dute murrizketek bere horretan jarraitzen dutela eta Eusko Jaurlaritzak ez duela aldaketa sozialerako pausorik ematen

«Aurrekontu duinak» eskatu dituzte ESK eta EILAS sindikatuko kideek legebiltzarraren aurrean. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Gasteiz
2014ko abenduaren 24a
00:00
Entzun
«EAJk eta PSEk onartuko dituzten aurrekontuak bidegabeak eta elkartasunik gabekoak dira», adierazi zuen Igor Mera ESK sindikatuko kideak, atzo goizean, Eusko Legebiltzarraren aurrean egindako elkarretaratzean. Era berean, Eusko Jaurlaritzaren politika fiskala kritikatu zuen: «Europarekin alderatuz gero, EAEn 6.000 milioi euroko defizit fiskala dago». Endika Rodriguez EILASeko kideak salatu zuen Urkulluren gobernuak zintzo betetzen duela Madril eta Bruselaren politika ekonomikoa.

Rodriguezek esan du gizarte gastuan ez dagoela aldaketarik nahiz eta aurtengo aurrekontuak %4,1 igo diren. «Iaz baino diru gehiago dago, baina hori, herritarren beharrei erantzuteko erabili beharrean, zor publikoa ordaintzeko erabili dute». Merak politika fiskala erabat aldatu beharra nabarmendu du: «Gure zerga sistema Europako mailan balego, Eusko Jaurlaritzak ez luke horrelako zorpetzerik izango».

Rodriguezek esan du zor publikoa ordaintzeko Jaurlaritzak 990 milioi euro bideratuko dituela heldu den urtean, eta 2009an 84 milioi izan zirela. Horrez gain, jakinarazi du abiadura handiko trena egiteko 350 milioi euro jarriko dituztela. Balantzaren beste aldean kokatu dituzte, besteak beste, lana eta bizimodu pertsonala bateratzeko politikak, hezkuntza eta gizarte zerbitzuak. «Hezkuntza publikoan, barne produktu gordina kontuan izanda, Eusko Jaurlaritzak diru gutxiago jarriko du Espainiako Gobernuak baino». Horrekin batera, sindikatuek ohartarazi dute «egoera penagarrian» mantenduko dituztela Patxi Lopezek gizarte zerbitzuetan egindako murrizketak eta kontziliaziorako laguntzak.

Horregatik, Merak eta Rodriguezek uste dute Jaurlaritzak beste lehentasun batzuk izan beharko lituzkeela. «Ez dugu gaizki ikusten gizarte zerbitzuak garatzeko edo ekonomia bultzatzeko instituzioak zorpetzea, baina arazoa da zor publikoa abiadura handiko trenaren moduko lanengatik sortzen denean».

CCOO sindikatuak ere protesta egin du legebiltzarraren aurrean. Bertan, Unai Sordo sindikatuko idazkari nagusiak aurrekontuen «xede eskasa» salatu du. Haren aburuz, aurrekontuak «hankamotz» daude egungo zerga politikaren ondorioz. «Laguntza eta zerga salbuespenei esker, jaso zitekeen baino %30 gutxiago lortu du Jaurlaritzak». Sordok uste du 500 milioi euro gehiago bilduko lituzketela jasotzen ez den diruaren %10 eskuratuz gero. «Diru hori zerbitzu publiko eta gizarte zerbitzuak garatzeko erabili ahal izango litzateke».

Zakua bete ikatz

Bide beretik jo dute Bizkaiko hainbat gizarte taldek. Olentzerok eta hiru galtzagorrik ikatza utzi dute Eusko Jaurlaritzak Bilbon duen ordezkaritzan. Olentzerorekin eta laguntzaileekin batera, hainbat herritar elkartu dira «ikatza Lanbideko murrizketa eta tratu txarrengatik» eta «ikatza Gizarte laguntzetako murrizketengatik» gisako mezuak zituzten kartelekin.

Gizarte eragileek adierazi dute ekainean bukatu zirela gizarte larrialdietarako laguntzak. Horrez gain, gogor kritikatu dute laguntzak jasotzen dituztenen aurkako «jazarpen mediatikoa», eta hori murrizketak justifikatzeko erabiltzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.