Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. EAJ

EAJk bere nagusitasuna berretsi du, eta aise gailendu da bozetan

31 legebiltzarkide lortu ditu, herrialde bakoitzean bat gehiago. Gehiengo osoa eskura du, PSErekin. Ia 50.000 boz gutxiago bildu ditu. Urkulluk «auzolana» eskaini die alderdiei

EAJk bere nagusitasuna berretsi du, eta aise gailendu da bozetan.
gotzon hermosilla
Bilbo
2020ko uztailaren 13a
00:00
Entzun
ESERLEKUAK: 31

BOTOAK: 349.429

LEGEBILTZARKIDEAK

Araba:Iñigo Urkullu, Jone Berriozabal, Jose Antonio Suso,Luis Javier Telleria, Rakel Molina, Estibaliz Larrauri,Unai Grajales, Joseba Diez, Laura Perez Borinaga.

Bizkaia: Leixuri Arrizabalaga, Josu Erkoreka, Iñigo Iturrate, Alaitz Zabala, Maitane Ipiñazar, Jon Aiartza, Mikel Arruabarrena, Jon Andoni Atutxa, Itxaso Berrojalbiz, Gorka Alvarez, Irune Zuluaga, Nerea Lupardo.

Gipuzkoa:Bakartxo Tejeria, Maria Eugenia Arrizabalaga, Joseba Egibar, Arantza Tapia,Irune Berasaluze, Kerman Orbegozo, Iñaki Agirre, Maialen Gurrutxaga, Aitor Urrutia, Eva Juez.

Ezustekorik ez. Inkesta guztietan iragarri bezala, EAJ izan da Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetako garailea, tarte handiz, gainera. Inoizko bozik ezohikoenak izan dira aurtengoak: itxialdi luze baten ostean, apirilaren 5eko hasierako deialdia bertan behera utzi eta gero, pandemia baten erdian eta abstentzio handiarekin egin dira aurtengo bozak. Baina gauza batzuk nekez aldatzen dira, eta horietako bat da EAJk Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako politikagintzan eskuratu duen hegemonia.

Ez hori bakarrik: EAJk aurrekoan baino hiru legebiltzarkide gehiago lortu ditu herrialde guztietan, 31 eskuratu arte, eta hori asko da kontuan izanda oso emaitza on batetik abiatzen zirela 29 legebiltzarkide 2016an, 2012an baino bat gehiago. Jeltzaleek ia lortu dute inoizko daturik onena berdintzea, 1984an, EAren bereizketaren aurretik eta Carlos Garaikoetxea hautagai zelarik, 32 legebiltzarkiderekin2001an 33 izan zituzten, baina orduko hartan EAJ eta EA elkarrekin koalizioan aurkzetu ziren. Baina ia 50.000 boto gutxiago lortu ditu, hala eta guztiz ere.

PSE-EErekin duen ituna berresten badu, koalizio gobernuak esku-eskura izango du gehiengo osoa, 41 legebiltzarkideren babesa izango baitu, beharrezkoak direnak baino hiru gehiago. Aurreikuspen ekonomiko eta sozialak aintzat hartuta, ezin da esan datorrena agintaldi lasaia izango denik, baina Jaurlaritzak eskuak libre izango lituzke egoera nahierara kudeatzeko.

Herrialde guztietan aurrera

Herrialde guztietan aurrera egin dute jeltzaleek, bakoitzean legebiltzarkide bat gehiago lortuta, baina, ohi bezala, Bizkaian eskuratu ditu emaitzarik onenak. Boto kopuruan, 200.000 bozen bueltan gelditu da, eta ez da iritsi duela lau urte eskuratutako 238.000 botoetara, abstentzioak EAJri ere eragin diolako, baina botoen %42,60 bereganatu ditu %42,06 izan zen duela lau urte. Bilbon aise gailendu da; PSE-EEri lehia irabazi dio Ezkerraldeko herri guztietan, eta lehenengo indarra da udalerri handi gehienetan.

Daturik onenetan hurrengoak Gipuzkoan eskuratu ditu EAJk. Jarleku bat gehiago irabazteaz gain hamar orotara, botoen %36,53rekin, eutsi egin dio EH Bilduk izandako gorakadari, eta lehenengo indarra da orain ere, bi indarren arteko aldea 4.000 boto ingurukoa den arren. Donostian ere lehenengo indarra da, baina esanguratsua da Eibarren eta Ordizian izan duen boto jaitsiera.

Azkenik, Araban ere lehenengo indarra da EAJ, ehunekoa hobetuta %28,21etik %32,22ra, 40.000 botorekin eta legebiltzarkide bat gehiago lortuta, zortzitik bederatzira.

Ohi bezala, Sabin Etxean, EAJk Bilbon duen egoitzan, ospatu dute jeltzaleek garaipena. Eusko Jaurlaritzako lehendakari eta EAJren lehendakarigai Iñigo Urkullu mintzatu zaie han bildutakoei, eta alderdikideei eskerrak eman ondoren, esan du gizarteak «lanari ekiteko» eskatu diela alderdi guztietako ordezkariei, eta horretarako eskaintza egin nahi izan die gainerako alderdiei: «Gizarteak auzolana eskatzen du. Orain, denon eskuak, burua eta bihotza erakarri behar ditugu. Alderdi guztien indarrak batu behar ditugu».

Urkulluren esanetan, datorren agintaldian «enplegua, gizarte kohesioa eta autogobernua» izan behar dira lehentasunak, eta hiru helburu horiek «lotuta» daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.