Espainiako inbestidura saioa. Euskal ordezkariak

Esteban: «Gure baietza eduki arren, ez dituzue baldintzak jarri»

EAJko Aitor Estebanek Pedro Sanchezi egotzi dio behar bezala ez negoziatzea. Iglesiasi leporatu dio behar baino gehiago eskatzea

Aitor Esteban EAJko bozeramailea, atzo, Madrilen. EMILIO NARANJO/ EFE.
Maider Galardi
2019ko uztailaren 26a
00:00
Entzun
«Denok hausnartu beharko dugu nola izan diren negoziazioak». Aitor Esteban EAJren Espainiako Kongresuko bozeramaileak PSOEri eta Unidas Podemosi egotzi die Pedro Sanchezen inbestidurarako «ongi» negoziatu ez izana: «Gauzak egin behar ez ziren moduan egin dira: PSOEberandu aritu da negoziazioetan,eta denbora asko utzi du pasatzen. [Pablo] Iglesias jauna, zuri esaten dizut ezin dela zerua egun batetik bestera konkistatu. Hodeiez hodei joan behar da». Hala ere, «presioak» inbestidura ahalbidetuko zuela uste zuela aitortu du Estebanek: «Uste nuen presio sozialak eta Kongresuko giroak eragingo zuela azkenean akordio bat lortzea. Dezepzioak jota nago». Abstentziora jo zuen EAJk atzoko inbestidura saioan, nahiz eta Estebanek aitortu PSOEk baiezkoa «poltsikoan» zuela: «Baina ez dituzue baldintzak jarri».

«Giro txarra» sortzea egotzi die Estebanek PSOEri eta Unidas Podemosi, eta ohartarazi die haien arteko akordiorik balego Sanchezen alde bozkatuko lukeela EAJk. «Gure intentzioa beti izan da inbestidura ahalbidetzea, baina Unidas Podemosekin akordiorik gabe, eta gainontzeko taldeekin elkarrizketa sakonik eduki gabe, ez da posible izan», adierazi du EAJko bozeramaileak. Gaineratu du PSOEk ez dituela negoziazioak «behar bezala» egin: «Beste modu batera bilatu behar zenituzten aliantzak».

Halaber, hauteskundeak berriro ez egiteko lanean segitzeko borondatea duela nabarmedu du Estebanek, eta EAJk duen «esperientziatik laguntzeko prest» agertu da: «Uste dut badugula zer eskaini». Horrenbestez, negoziatzen jarraitzeko eskatu die bi alderdiei Estebanek.

Negoziatzen segitzea

«Ez dugu amore eman behar», ohartarazi du EAJko diputatuak. Irailean edo «ahal balitz abuztuan» Sanchez presidente izateko akordioa ixteko deia egin du, eta azaldu du desadostasunen jatorria enplegu publikoaren ingurukoa bada badagoela «aukera» akordioa lortzeko: «Ez hemen eta orain, baina badago aukera».

Porrotetik ikasi, eta negoziatzen segitzeko deia egin du: «Guk segituko dugu elkarrizketa eta prestasuna izaten».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.