Albistea entzun

Oholtza betetzeko bi aukera

The xx taldearen minimalismoak, David Byrneren erakustaldi handiak eta The Chemical Brothersen elektronika dantzagarriak euriak baino indar handiagoa izan dute BBK Live jaialdiko bigarren jardunaldian. Emanaldi bikainak egin dituzte.
The xx taldeko Romy Madley Croft, Kobetamendin kontzertua ematen.
The xx taldeko Romy Madley Croft, Kobetamendin kontzertua ematen. MARISOL RAMIREZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Iñaki Lasa Etura -

2018ko uztailak 15 - Bilbo

Ostegunean inauteri izan zena, bi filosofiaren arteko talka bihurtu zen BBK Live jaialdiaren bigarren jardunaldian: gutxiago gehiago da aldarriaren adarrekoak batetik; eta musika egiteko oholtza jendearekin edo proiekzioekin betetzen dutenena bestetik. Biek ala biek, beren bidetik, zaleen onespena izan zuten, eta maila handiko jardunaldia izan zen ostiralekoa.

Azken orduko gonbidatua izan zuen BBK Live jaialdiak, ia urteroko agerraldi desorosoa: euria. Egun osoan mehatxuka eta zaleekin jolasean ibili ostean, The xx kartelburuen txanda zenean egin zuten azkenean eztanda hodei ilunek, ikuskizunaren lekuko izan nahi balute bezala. Blai eginda kontzertu bat ezin daitekeela goza pentsatu zuten batzuek; epikaren aitzakian irribarre behartua egin zuten besteek, desaxola. Beste behin ere, baina, musikak irabazi egin zion euriari.

Arazo teknikoak zirela tarteko, ordu erdi berandu hasi zen The xx-en emanaldia. Bost minutu nahikoa izan ziren atzerapena ahaztu eta gozatzen hasteko. Zenbat behar da jaialdi bateko agertoki nagusia betetzeko eta jarraitzaile guztiak patrikaratzeko? Ahots bat? Bi? Zenbat akorde? Ingalaterrako hirukotearen eskaintza minimalista da oso, baina sobera du emozioa. Gutxi behar dute entzuleak trantzean jartzeko. Romy eta Oliver abeslarien arteko ahots jokoak —txandaka, elkarrekin, bakoitza erritmo desberdin bat aldi berean kantatuz...—, Jamieren elektronika ukituek eta akorde progresio sinple baina dotoreak eguneko kontzerturik onenetakoa biribildu zuten. Gutxiago gehiago da filosofiari eutsita, baina ortodoxoriak gabe, Jamie xx-k abestiak elektronikarekin janzteko askatasun osoa baitu. Kontzertu itxiera ederra egin zuen Londresko hirukoteak: Shelter progresiboa, Loud Places bertsio dantzagarria, On Hold itsaskorra, Intro hipnotikoa eta Angels kulunkari eta ederra.

The xx-en trantzetik esnatzean, euria erruz egiten ari zuela jabetu ziren asko, eta korrika egin zuten karparen babesaren bila, Sophie DJa lanean ikusteko, eta David Byrne apur bat umezurtz uzteko. Baina euriak ere menia sinatu zuen halako batean, eta jendetza bildu zuen azkenerako Talking Headseko buru izandakoak. Zenbat pertsona behar dira agertokia betetzeko? Bada, hamabi, eskoziarraren iritziz. 66 urterekin, jaialdi osoko emanaldirik onenetakoa, dibertigarriena eta originalena egin zuen. Oholtzaren bi alboak eta atzealdea argiz beteta, kaiola baten barruan ziruditen, baina, hala ere, elektrotxaranga bat baino nomadagoak izan ziren hamabi kideak, alde batera eta bestera mugituz une oro. Bakarkako ibilbideko —American Utopia azken diskokoak bereziki— eta Talking Heads garaiko abestiak tartekatu zituen Byrne. Ezuste handia izan zen askorentzat —eskoziar musikaria ezuste gisa definitzea ausartegia baldin bada ere—; talde hasiberriek badute nora begiratu.

Oholtza betetzeko beste bidea aurkeztu zuen The Chemical Brothersek: proiekzio ikusgarriak. 1990eko hamarkada bukaerako eta mende hasierako musika elektronikoan iltzatuta badaude ere, gutxik funtzionatzen dute DJ bikoteak bezain ongi jaialdietako ordu txikietan. Dantzatoki erraldoi bihurtu zuten zaleek Kobetamendi, jada hamaika bider dantzatu dituzten Go, Hey Boy Hey Girl eta Galvanize bezalakoekin. Friendly Fireseekoek biribildu zuten The Chemical Brothersek hasitakoa.

Rocka bizirik dago

Arratsaldean, David Byrneren marka haustear izan ziren King Gizzard & The Lizard Wizard: zazpi musikari 1960-70eko rock psikodelikoa berritzen. Ohikoa da musikari batek bere azken diskoa aurkeztea jaialdietan, baina australiarrek bost lan zituzten aurkezteko, guztiak iaz argitaratuak. Hori da emankor izatea. King Gizzard & The Lizard Wizarden ardura izan zen jaialdiaren rock gogorraren kuota betetzea, Rockaren Nazioarteko Egunean —hala izendatu ei dute uztailaren 13a—, eta bizi-bizirik dagoela erakutsi zuten. Baita entzuleek ere, pogo handiak egin zituzten lehen ilaretan.

Gitarra doinuekin jarraituta, My Bloody Valentine txukun aritu ziren. Soinu horma altxa, eta pop melodiei muzin egiten ez dion rock zaratatsua eskaini zuten. Argi-jokoak eta proiekzioak bikain erabili zituzten. Bai, rocka bizirik dago, eta gitarrek bere lekua dute musika jaialdietan oraindik ere. Aipatutako bi kontzertu horien artean, Borrokan-ek jo zuen, sarrerako agertoki txikiago batean. Jaialdiko ordutegiek gehien erasandako taldeetako bat izan ziren, rockarekin lotura duten bi talderen artean jo baitzuten. Tamalez, ez ziren zale gehiegi Berako (Nafarroa) taldearen posthardcore zaindua entzutera.

Aurreko urteetan baino arrakasta txikiagoa izan dute agertoki txikiek, akaso, Basoa eta Lasai gune elektronikoak indartzeak zale asko hara animatu dituelako. Borrokan-ekin gertatutako bera pasatu baitzen Nunatak, Cecilia Payne eta Gengahrrekin: 30-100 zaleren aurrean jotzea. Ahozapore gozoa utzi zuen Espainiakoen indieak. Musika jaialdiak halako doinuekin beteta daudenean, atsegina izan zen tronpeta jotzaileak emandako bereizgarria. Bilboko eta Londreseko taldeek ere kontzertu onak eman zituzten, jarraitzaile berriak lortzeraino.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Herritarren mezu guztiak binilo batean eta MP3 batean jaso dituzte, eta kapsulan sartu, postalekin eta bi sortzaileen <em>selfie</em> batekin. ©ANDRES ETA MANOLO

Geroari orainalditik hizketan

Ainhoa Sarasola

'Ostempo Nuna' proiektuan, Imanol Espinazok eta Ander Fernandezek denborazko soinu kapsula batean bildu dituzte jendearen mezuak. Bidasoko uretan sartuko dute, bihar
Sustrai Colina eta Nerea Ibarzabal bertsolariak, atzo, Iruñeko Laba aretoan. ©IDOIA ZABALETA / FOKU

Mozorroak gardenak zaizkie

Uxue Rey Gorraiz

Sustrai Colina eta Nerea Ibarzabal bertsoaren eta fikzioaren mugez solastatu dira Iruñeko Laba aretoan antolaturiko mahai inguruan, Kalakak literatur zikloaren parte. Besteak beste, bertsolariek sakon gogoetatu dute sinesgarritasunaz. Dudak azaldu dituzte «azal batzuetatik» kantatzeko zilegitasunari buruz.

 ©JON URBE / @FOKU

«Orkestrak etxean egin duen lanaren ondorio da nazioartean egindako bira»

Miren Mujika Telleria

Arrakastatsua izan da Euskadiko Orkestraren 2022-2023ko denboraldia, eta halakoa izan dadin prestatu dute datorrena ere, sona handiko zuzendari eta musikariak izango baitituzte lagun.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.