Albistea entzun

Osasun publikoa politika guztien oinarrian

Eusko Jaurlaritzak Euskadiko Osasun Publikoko Lege Proiektua aurkeztu du. Gotzone Sagardui sailburuaren esanetan, helburua da osasuna politika publiko guztietan presente egotea
Gobernu Kontseiluaren osteko agerraldia, atzo, Gasteizen.
Gobernu Kontseiluaren osteko agerraldia, atzo, Gasteizen. IREKIA Tamaina handiagoan ikusi

Iosu Alberdi -

2022ko uztailak 27

Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak baietza eman dio Osasun Publikoaren Lege Proiektuari. Gotzone Sagardui Osasun sailburuak azaldu duenez, legea aurrera ateraz gero osasun sistematik haratago zabalduko du osasun publikoaren kudeaketa, gizartearen premiei «erantzun eraginkorra eta integrala» emateko. Eusko Legebiltzarrean eztabaidatzeko txanda da orain, eta ganbera haren oniritzia jaso beharko du lege bilakatzeko; hala eginez gero, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan indarrean jarriko litzatekeen molde horretako lehen legea litzateke. Martxan jarriko litzateke Euskadiko Osasun Publikoko Sistema, sailburuaren hitzetan.

Sagarduik gogorarazi duenez, azken 25 urteetan osasun publiko kontzeptuak izandako bilakaerari eta COVID-19ak eragindako pandemiaren ondorioei erantzuteko tresna da lege proiektua. Osasuna osasungintzaren esparrutik haratago ulertzeko beharra azaldu du hark, osasun larrialdiei erantzuteko eta osasun publikoko aferak tratatzeko. Hala jasotzen du lege proiektuak ere. COVID-19aren ondorio izan den «osasun, ekonomia eta gizarte krisiari» erreferentzia eginda, nabarmentzen du osasun publikoaren kudeaketa «ezinbesteko pieza» dela, besteak beste, «osasun sistemaren gehiegizko karga eta kolapso arriskuei» eta pandemia posibleen «inpaktu sozioekonomikoei» aurre egiteko.

Beraz, bi ideia nagusi ditu proiektuak, sailburuaren hitzetan. Batetik, osasuna politika publiko guztietan presente egotea, «euskal herritarren osasuna, interes goreneko ondasun publiko gisa, ahalik eta maila gorenean babesteko eta sustatzeko». Bestetik, osasun arloko ezberdintasunak murrizteko lan egitea, pertsonen «osasunerako, aukera berdintasunerako eta ekitaterako» eskubideak bermatzeko. Horiekin batera, ondorengoak ere jasotzen ditu lege proiektuko lehen artikuluak: «Osasun determinatzaileen gain ekitea; gaixotasunak, lesioak eta desgaitasunak prebenitzea; eta pertsonen osasuna babestea eta sustatzea, esfera indibidualean zein kolektiboan». Bide horretan, lege proiektuak Osasun Publikoko Sistemaren «funtzio eta jarduketa nagusiak» arautzea du xede, eta, horretarako, 96 artikulu jasotzen ditu, zazpi kapitulutan banatuta. Besteak beste, pertsonen osasuna eta ongizatea sustatzeko neurriak aipatzen ditu, ekintzetan «orientazio komunitarioa eta sektore artekoa» lehenetsita, eta menpekotasunen aurkako borrokan indar eginda. Era berean, arlo guztietako politikek «pertsonen osasunean eta ingurunearen gaineko eraginean» izan dezaketen inpaktua aztertzeko urratsak ere aipatzen ditu. Baita «osasunaren, eta ingurugiro eta bizi estilo osasuntsuen promozioa sustatzeko» eta osasun larrialdien prebentziorako, hautemate goiztiarrerako eta kudeaketarako neurriak ere.

Lege proiektuak administrazio publikoen arteko, eta horien eta gizarteko gainerako eragileen arteko kolaborazioa indartzeko neurriak ere jasotzen ditu. Besteak beste, tokiko erakundeen esku hartzea sustatzea eta gizarte mugimenduek «esku hartzeen planifikazioan, garapenean eta ebaluazioan» parte hartzea. Izan ere, Euskadiko Osasun Publikoko Sistema «sare egituratu bat» izango litzateke, Sagarduiren hitzetan.

Bi organok hartuko lukete harreman horiek sustatzeko ardura. Batetik, Osasun Publikoaren Erakunde arteko Batzordeak. Pandemiarekin martxan jarritako erakunde arteko batzordearen bidetik, Eusko Jaurlaritzako, foru aldundietako eta udaletako ordezkarien koordinaziorako gunea izango litzateke hori.

Bestetik, Osasun Publikoaren Euskal Kontseiluak gizartearen parte hartzea sustatuko luke, arlo ugaritako gizarte eragileen presentziarekin: unibertsitateak, Emakunde, gobernuz kanpoko erakundeak, Osakidetza, kontsumitzaileen elkarteak, pentsiodunen elkarteak... Hori, ordea, kontsultarako litzateke.

Heziketa

Osasun publikoko laborategi bat eratzeko asmoa aipatu du Sagarduik. Lege proiektuaren arabera, «behar analitikoei» erantzuna ematea luke xede, herritarren osasuna arriskuan jar dezaketen erronken aurrean: elikagai segurtasuna, gaixotasun infekziosoak... Horrekin batera, osasun arloko profesionalentzat formazioa sustatzea ere aurreikusten dute.

Sagarduik eskola eta lan osasunari ere egin dio erreferentzia. Lege proiektuaren arabera, herritarrek «osasunerako hezkuntza» jasotzeko eskubidea izango lukete, eta administrazio publikoen esku geratuko litzateke hori bermatzeko ekintzak martxan jartzea. Horretarako, prebentzio eta promozio egitasmoak garatuko lirateke haur hezkuntzatik hasi eta unibertsitatera arte.

Lan arloan ere jarduera indibidualak eta kolektiboak sustatuko lirateke. Horiekin batera, baina, kontrol epidemiologikorako eta lanari lotutako patologiak kontrolatzeko osasun-informazio sistema bat ere ezarriko litzateke.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Donostialdeko ESIko zerbitzuburuek egindako agerraldia, atzo, Donostian. ©JON URBE / FOKU

«Harreman asimetrikoak» hausteko eskatu diote Jaurlaritzari

Edurne Begiristain Iosu Alberdi

Donostialdeko ESIko zerbitzuburuek kontsultarako mahai bat proposatu diote Gasteizi, bitartekari lana egiteko

Jonan Fernandez, atzo, gazteen emantzipaziorako estrategia aurkezten. ©IREKIA

Emantzipatzeko laguntzak jasoko dituzte 25 eta 29 urte artekoek

Edurne Begiristain

Jaurlaritzak gazteen emantzipazioa sustatzeko estrategia ondu du. 2030erako 29 urtera jaitsi nahi du gurasoen etxea uzteko adina

Antton Kurutxarri EEPko lehendakaria agerraldi batean ©Guillaume Fauveau

EEPko ordezkariek Parisen isiltasuna deitoratu dute

Garazi Aduriz Zuñeda

Irailean egin zuten bilkura Frantziako Hezkuntza Ministerioarekin. Azterketak euskaraz egiteko eskubidea aipatu zuten nagusiki.

Donostiako ospitalaren atarian gaur goizean egindako protesta bilkura ©Javier Etxezarreta / Efe

Donostia ospitaleko 150 langile inguru batu dira gaur ESIko zerbitzuburuen elkarretaratzera

Edurne Begiristain

Osakidetzaren eta Eusko Jaurlaritzaren kudeaketa salatzeko, protesta jendetsua egin dute goizean ospitaleko atarian.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...