Pastor
DARWIN ETA GU

Heidik botorik ez

2022ko azaroaren 26a
00:00
Entzun
Trena non hartu behar duen galdetu dit. Perukoa da eta ikasketak egitera etorri da Euskal Herrira. Espainiara, bere barruan. Gustukoa du futbola. Universitario taldearen zalea da, Limako hiru ekipoetako bat—Alianza eta Sporting Cristal dira besteak—. Alianzan aritu zen Hugo Cholo Sotil, 70eko urteetako Bartzelonako aurrelaria. Sotil Liman bizi dela esan du. «Oso makal» dago. Universitario Peruko ohorezko kategoriatik inoiz jaitsi ez den talde bakarretakoa dugu. Athletic Espainiako Ligan bezala.

Munduko Futbol Txapelketako zein talde nahiago dudan jakin nahi du. Espainiaren zalea ez naizela esan diot. Harritu egin da. Nire selekzioak nazioarteko txapelketa ofizialetan jokatzerik ez duela azaldu diot. Mendean gaituzten estatuak horren kontra daude. Ez dut auzian gehiago sakondu gura izan.

Futbola, gizonen pozkarioa eta txikitako oroitzapenak. Futbola, zenbait emakumeren sufrikarioa eta nagusitako gogoetak. Gure auzoan bizi zen emazte batek galdera bera egiten zuen igandean: «Zer egin du Athleticek?». Bilboko taldeak galtzen bazuen, ikara batean andrea. Senarra mozkortu, etxera iritsi eta jipoia. Biharamunean begia ubelduta irtengo zen kalera —«atearen kontra jo dut»—. Gizonak txikiteoan segituko zuen, bilbainadak kantatzen, tartean-tartean abesti iraingarri hura. Bizkaiko espainieraz: «Y le daba y le daba y le daba, unos palos que la consolaban; y le daba y le daba y le dio, unos palos que la consoló». Azaroaren 25a urteko egun arrunt bat zen orduan. Besterik ez.

Futbola. Negozioa. Politika, aldarrikapenak, giza eskubideak. Qatarren jokatzen ari diren txapelketak hainbat protesta eragin ditu mundu osoan. Kritikak oinarri sendoak ditu: txapelketa herrialde arabiarrean jokatzeko ustelkeria eta eroskeria susmo eta salaketak; langile atzerritarrek jasaten duten esplotazioa, emakumeen eta LGTBI kolektiboaren kontrako errepresioa, askatasunik eza...

FIFAko buru Gianni Infantinok bere burua zuritu nahi izan du prentsaren aurrean. Argudioak eman ditu Qatarren aldeko hautua defendatzeko. Gehienak lotsagarriak. Hala ere, datu bat jakinarazi du, Europa demokratikoan ia inork ez zekiena: «Badakizue nire herrialdean, Suitzan, kantoi batean emakumeek ez zutela 90eko urteetara arte botoa emateko eskubiderik izan? Ez, ez zen 1890era arte, 1990era arte baizik».

Suitzaren irudi idilikoa dugu sarritan: demokraziaren eredua da; edozer gairi buruz erreferendumak antolatzen ditu. Ez, Suitzan ez dago xariarik; ezin konpara daitezke hango emakumeen egoera eta Qatarkoena. Alta, 1990era arte Appenzell Innerrhoden kantoiko emakumeek ez zuten bozkatzeko eskubiderik. Zenbat aldiz eman zuten ordurako botoa Euskal Herriko andrazkoek?

Alpeetako emakume horiek duela 32 urte lortu zuten botoa emateko eskubidea erreferendumen lurraldean. Eta kontuz! Suitzako Konfederazioko goreneko justizia erakundearen ebazpenaren ondorioz izan zen. Bertako gizonezko txit demokratengatik izan balitz... Izan ere, lehenago bi bozketa egin ziren Appenzell Innerrhoden-en emakumeei boto eskubidea eman ala ez erabakitzeko: 1959an botoa eman zuten gizonen %95,1 kontra agertu ziren eta soilik %4,9 alde —emakumeek ezin izan zuten bozkatu, noski—. 1971ko bozketan gizonezkoen %71,1ek egin zuten andreek bozkatzearen aurka —aldekoak %28,9 izan ziren—. Azkenean, Suitzako Auzitegi Goren Federalak sartu behar izan zuen eskua andreek boto eskubidea izan zezaten. Gizonek demokratikoki haien aurka hobetsitako neurri antidemokratikoa deuseztatzeko.

Hara non Alpeetako gure paradisu garbia infernu zikina izan zen emakumeentzat denbora luzean. Heidik ez zuen boto-eskubiderik. Agian, hain barneratuta zuen emakume rola, ezen ez zen horretaz jabetu ere egiten. Nahikoa zuen Pello ahuntzaina maitatzearekin, mutilak jotzen zuen arren. FC Appenzell taldeak galtzen zuenean erasotzen zion. Gero, tabernara joaten zen, Bilbokoa bezalako abesti iraingarriren bat kantatzera. Suitzako alemanaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.