Albistea entzun

DARWIN ETA GU

Hitlerrekin hondartzan Donostian

Jose Mari Pastor -

2023ko otsailak 11

Ukrainarrak dira biak, antza: uniformeduna eta galtzontzilloetan dagoen gatibua. Soldaduak gerrako presoaren ezker besoa hartu eta kamerari erakutsi dio: gizonak svastika bat du azalean tatuatua. «Novotitorovsk-eko lagunok, gorde ezazue tximino hau!», oihukatu du, barreka. Eta hiru zaplazteko eman dizkio aurpegian gizonari, biraoka.

AEBetan bizi den judu errusiar batek itzuli dit bideoko audioa. Haren ustez, grabaketan mintzo den soldadua ukrainarra dela frogatzen du gramatikak. Edo txiki-txikitatik Ukrainan bizi den errusiarra. Novotitorovsk toponimoaren aurrean jarritako c preposizioak eman dio pista. Nongoa edo nondik adierazteko erabiltzen da. Errusian, berriz, iz preposizioaz baliatzen dira. Andreak esan duenez, ez litzateke harrituko Errusian bertan ere halako tatuajerik ikusiko balu.

Tatuaje mota horiek ez dira kasu bakanak Europako zenbait lekutan. Batez ere, ekialdean: Ukrainan, Kroazian... Bertako hondartza batean grabatutako bideoa ikusi dut: bi morroi bainujantzian, gorputz ia osoa svastikaz, SS eta Wehrmacht-en sinboloz beteta. Horietako batek Hitler tatuatu du bizkarrean, goitik behera, koloreetan, hitz hauekin: Sieg Heil! Jendez betetako txiringito batean daude, freskagarri batzuk hartzen. Ez da ezer gertatzen.

Errusian eta beste leku batzuetan ere egongo dira neonaziak. Alabaina, ez dirudi Ukrainan edo Kroazian bezain alai eta galai dabiltzanik. Zelenski judua dela esaten digute, Ukrainan naziekiko sinpatia dagoela ukatzeko. Horrek errealitatea ezkutatuko balu bezala: legeek eta gizarteak, nonbait, halako erakustaldiak onartzen dituzte. Adierazpen askatasuna aldarrikatzeak ere ez du balio. Zelenskik oposizioa isilarazi du. Hedabideak ere bai. Gerrak ez ditu soilik Errusian murriztu askatasunak. Hala ere, nazien sinboloak jende aurrean erakusteko askatasun handiena dute ukrainarrek.

Arrazoi historikoak izango dituzte Errusia, Sobiet Batasuna edo komunismoa gorrotatzeko. Hala bada, eta nahi badute, gorputzean zakur amorratu bat tatuatu dezakete, buruan Stalin genozida, hiltzaile eta orain gorrotatuaren aurpegia duela. Baina svastika bat? Hitler? Holokaustoari, Historian herri baten aurka inoiz egin den krimen handienari gorazarre egitea?

Euskal gizartea gaixo dagoela errepikatu izan digute urteetan Espainiako zenbait hedabide eta herritarrek: ETArekiko loturak edo sinpatiak, isiltasuna, koldarkeria... Zer diote orain Ekialdeko Europako herritar, gizarte, lege, epaile eta politikariei buruz? Normaltzat jotzen dute gizarte bat, bi tipok mojito bat hartu ahal dutena, ezer gertatu gabe, bizkarrean Hitlerren apologia egiten, ez Popeye eta espinaken publizitatea? Euskal gizartea gaixo badago, nola dago Ukrainakoa edo Kroaziakoa? Ondoezik, eri ala gaixo terminala? Non gizarte horien gizatasuna, kuraia zibikoa? Zer esango eta nola erreakzionatuko lukete espainiarrek Kontxan, eguzkitan, norbaitek Hitlerren tatuaje bat erakutsiko balu, harro eta irribarretsu, eta inork ezer esango ez balu?

Cinema Paradiso filmeko eszena batean herriko jauntxoa ageri da plazan, goizean goiz, egun horretan bere lurretan lan egingo duen jendea aukeratzen. «Zuri Stalinek eman diezazula lan», esan dio horietako bati. Stalin. Non dago Stalin? Stalin genozida, hiltzaile eta orain gorrotatuari esker bizi izan ziren ez oso txarto langile klaseko gure gurasoak eta aitona-amonak. Komunismoaren mamuak kontzesioak ematera behartu zuen kapitala, langileak lar ez haserretzeko. Ekialdetik zetorren argia itzali ondoren, barra libre. Amaitu zen ongizate gizartearen ametsa. Gutako askok agian ez, baina Garamendik-eta ondo dakite hori.

Stalingrad plaza eta metro geralekua daude Parisen. Sobietarrek nazien kontra irabazitako bataila gogorarazten dute. Garaipen hura ospatzen zuen ekitaldia lehertzeko agertu ziren talde batzuk bertan, igandean. Bandera ukrainarrak zituzten eskuetan. Oraindik ez dute eskatu plazaren eta metroaren izenak aldatzeko. Oraindik ez.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Indarkeria matxistaren aurkako elkarretaratze bat Donostian, artxiboko irudian ©Gorka Rubio/ Foku

Gizonezko bat atxilotu dute Donostian, sexu eraso bat egitea egotzita

Berria

Emakume bati ukituak egitea leporatuta atzeman du Ertzaintzak.

Ganaltoko gurutzea, iazko ekanean eraitsi baino lehen ©Basotxerri (Wikipedia)

Olarizuko gurutzearen eraisketari buruzko ikerketa berriz irekitzeko agindu du Arabako Auzitegiak

Berria

Auzitegiak aintzat hartu du Abogados Cristianos elkarteak auzia artxibatzeari jarritako helegitea. Ezezagun batzuek eraitsi zuten gurutzea, iazko ekainean.

Gaur goizean egin dute aurkezpena Bilbon ©Oskar Matxin Edesa / FOKU

Ikastetxean ezkaratza eraikitzeko eskatu diote hamazazpi eskolak Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari

Javi West Larrañaga

Sare publikoko eskolen herenek bakarrik daukate sukaldea Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Justizia administrazioko letraduek togak eskegi zituzten Gasteizko epaitegian protesta gisa ©L. Rico / EFE

Letraduek bertan behera utzi dute greba, hileko 450 euroko soldata igoera onartuta

Berria

Espainiako Justizia Administrazioaren menpeko letraduak urtarrilaren 24tik ari ziren greban Hego Euskal Herrian.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.