Indarkeria matxista

Feministak indarrak batuta irtengo dira kalera larunbatean

Kerman Garralda Zubimendi.
Gasteiz
2017ko azaroaren 23a
00:00
Entzun
«Auzitegiek, poliziek, hedabideek, baita inguruko hurbilenek ere, erasotzaileak babesten dituzte biktimaren egia zalantzan jarriz. Baina guk elkarri sinesten diogu. Gure hitzak balioa du», adierazi du Zuriñe Rodriguez Euskal Herriko Koordinakunde Feministako kideak. Horregatik, Zure egia gure eginez lelopean manifestazioak antolatu dituzte larunbaterako Euskal Herriko hiriburuetan: Baionan, 11:00etan, udaletxe aurrean; Gasteizen, 18:30ean, Andre Maria Zuriaren plazan; ordu berean, Bilbon, Jesusen Bihotzean; Donostian, 19:00etan, Bulebarrean; eta Iruñean, 20:00etan, Gazteluko plazan.

Euskal Herriko Koordinakunde Feministak salatu du eraso egin dieten emakumeen testigantzak ezbaian jarri ohi direla. «Gure hitza zalantzan jartzen duten txostenak onartzen dituzten epaileen gainetik, justizia egiten ez duten auzitegi matxisten gainetik, gure bizipenak ukatzen dituen jendartearen kontakizunaren gainetik, indarkeria matxistak duen egiturazko izaera desitxuratzen duten eta morboa erabiltzen duten hedabideen gainetik, eta biktima bihurtzen gaituzten iragarki instituzionalen gainetik, gure leloa argia da: zure egia geure eginez».

Lelo horrekin, eraso sexistak sufritu dituzten emakumeei erakutsi nahi diete ez daudela bakarrik, eta haien kontakizuna sinesten dutela adierazi.

Justiziarekin ezkor

Iruñeko epaitegiaren aurrean 200 feminista inguru batu ziren atzo, iazko sanferminetan bortxaketagatik salaketa jarri zuen emakumeari babesa adierazteko. Ezetza ezetz da! Justizia! lelopean, «guk sinesten dizugu» eta «taldean gatoz» oihuak egin zituzten.

Feministak haserre agertu dira, haien esanetan aste honetako epaiketan salaketa jarri zuen emakumea bera delako «epaitua». «Ezetz esaten diogu erasotutako emakumearen bizitza aztertzen duen txosten bat froga moduan onartzen duen justizia sistemari. Ezetz esaten diogu biktima epaitua izateari», salatu dute Andrea, Astelehen Lilak eta Betaurreko Moreak elkarteek. «Egin diezaiogun uko sistema judizial matxista bati, ez soilik biktimaren testigantzak ezbaian jartzen dituelako, horren traumatikoa den eraso baten ostekobizitza ere dudan jartzen duelako baizik». Kexatu dira bost lagun epaitu beharrean 21 epaitu beharko liratekeela. «Hemen dauden bostak eta beste hamazazpi. Mezu eta bideoekin barre egin eta isilik geratu ziren horiek». Gizartea «bortxaketaren kulturan» bizi dela salatu dute feministek.

Nagore Laffageren kasua ere ekarri dute gogora. Epaiketa horrek emakumeen eskubideak «gutxietsi» zituela azpimarratu dute, «akusatuari sinesgarritasun osoa eman zitzaiolako». Emakumeen hitza errespetatu behar dela esanez amaitu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.