Presoen zigorrak metatzeaz hilaren 23an ebatziko du Estrasburgok

Zenbait iturriren arabera, presoen helegiteen aldekoa izango da. Hainbat preso askatzea ekar lezake horrek. AVT kontra agertu da

Presoen senideak, Parot doktrina indargabetu ostean, 2013an. M. RAMIREZ/ FOKU.
gotzon hermosilla
2018ko urriaren 9a
00:00
Entzun
Euskal presoen abokatuek baieztatu dute Giza Eskubideen Estrasburgoko Auzitegiak laster ebatziko duela euskal presoen zigorrak metatzeko auziaz, urriaren 23an hain zuzen. EB Europako Batasunaren doktrina juridikoaren arabera, EBko herrialde batean betetako kartzela zigor urteak aintzat hartu behar dira delitu beragatik beste herrialderen batean espetxealdia egin behar izanez gero, zigorrak bi aldiz betetzea saiheste aldera. Espainiak erabaki zuen 2015eko abuztu aurreko epaiei ez ziela aplikatuko Europaren erabakia; praktikan, horrek esan nahi zuen euskal preso gehienei ukatu zietela zigorrak batzeko aukera.

Frantzian egindako zigorra Espainian bete behar zuten zigorretik kentzeko eskatu zuten zenbait presok helegitea aurkeztu zuten, eta Espainiako Auzitegi Nazionalak, Gorenak eta Konstituzionalak atzera bota ondoren, Estrasburgora iritsi ziren helegiteok.

Badirudi bide malkartsu horrek urriaren 23an izan dezakeela akabera: ebazpenak lau presori eragingo die zuzenean —Santiago Arrospide Sarasolari, Kepa Pikabeari, Alberto Plazaolari eta Francisco Mujika Garmendiari—, baina epaia presoen tesien aldekoa balitz, pentsatzekoa da hurrengoak ere bide beretik joango liratekeela, eta horrek ekar lezake beste hogei euskal preso inguru laster kaleratzea eta, orotara, 67 presoren zigorrak gehiago edo gutxiago murriztea.

Iragarpen horrek biktimen zenbait elkarte asaldatu ditu, eta, esaterako, AVTk «pedagogia diplomatikoa» egiteko eskatu dio Espainiako Gobernuari, Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren iritzia Espainiako interesen aldera makurrarazteko xedez. AVTren ustez, euskal presoen helegiteak «atzera» bota behar dira zalantzarik gabe.

Beste eragile batzuk askoz zuhurrago agertu dira iragarpen horren aurrean. Foro Sozial Iraunkorreko eledun Agus Herran, esaterako, «zuhurtziari eusteaz» mintzatu da, baina pentsatzen du epaia presoen aldekoa izango dela.

EH Bilduko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegik nahiago izan du «espekulaziorik» ez egitea «gaia delikatua delako eta familia asko horren zain daudelako». Edozein moduz, argi du Espainiak «iruzur» egin zuela beste herrialde batzuetan betetako espetxe urteak aintzat ez hartzeko, eta uste du «logikoa» litzatekeela Estrasburgok hori zuzentzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.