Hiru urtean %27 ugaritu dira atzerriko ikasleak EHUn

Nazioartekotze Estrategia jarri du martxan unibertsitateak, prestakuntzan eta ikerketan indar egin eta zerrendetako postua hobetzeko

EHUren Leioako campusa. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2019ko uztailaren 2a
00:00
Entzun
Bukatu berri den ikasturtean, atzerriko 2.307 ikasle izan ditu EHU Euskal Herriko Unibertsitateak: 899, gradua ikasten; 638, masterren batean; eta 770, doktoretza egiten. 2016tik %27 egin du gora kanpotik etorritakoen kopuruak. Nekane Balluerka errektoreak eman ditu datuak, Nazioartekotze Estrategia aurkezteko Bilbon egindako agerraldian.

Mugikortasun programetan ere emaitza onak lortu dituztela esan du Balluerkak. Gaur egun, EHUk 1.100 mugikortasun hitzarmen baino gehiago ditu sinatuta 51 herrialdetako unibertsitateekin. Unibertsitate horietatik hemeretzi lehen ehunen artean daude Shanghaiko zerrendan. Nazioarteko mugikortasun programei esker, 1.674 ikasle joan dira ikasturte honetan atzerrira—2016an baino %17 gehiago—, eta1.242 ikasle etorri —%33 gehiago—.

Gaur egun, graduko 817 ikasgai eta masterreko 360 eskaintzen dituzte hizkuntza ez-ofizialetan. Osotara, irakasleen %40 inguruk dute C1 maila euskara edo gaztelania ez den beste hizkuntza batean. Graduondoko batzuk dagoeneko osorik ingelesez eskaintzen dituzte, eta 2020an iritsiko da lehen gradua: Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako eta Zuzenbideko gradu bikoitza.

Ikerketan, EHUk 102 proiektu lortu ditu Europako Batasunaren Horizon2020 programan: horietako hamahirutan liderra izan da. Ikerlanen nazioartekotzea lortzeko, honako ekintza hauek ipini dituzte martxan, besteak beste: produkzio zientifikoa ADDI erakunde gordailuan sartzea, eta ikertzaileei argitalpen irekiei buruzko prestakuntza eskaintzea.

Munduko 20.000 unibertsitateen artean, 400. lekuan dago EHU, nazioarteko zerrendei erreparatuz gero.«Datuak onak dira, baina ez dugu autokonplazentzian erori behar: asko dugu hobetzeko, eta horregatik diseinatu dugu eta jarri dugu martxan estrategia hau».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.