Albistea entzun

Epailea eta epaitua, mahaiaren alde berean

Zenbait gizarte mugimenduk 'Euskaldunon Egunkaria'-ren itxiera oroitzeko ekitaldi bat antolatu dute Madrilen. Javier Gomez Bermudez, auzipetuak absolbitu zituen epaimahaiko burua, solasean aritu da Martxelo Otamendirekin, 'Egunkaria'-ko zuzendari ohiarekin. Epaileak nabarmendu du «bidegabea eta legez kanpokoa» izan zela 'Egunkaria' ixtea.
<em>Egunkaria</em>-ren itxieraren 20. urteurrena gogoratzeko ekitaldia, Madrilgo La Maliciosa ateneoan.
Egunkaria-ren itxieraren 20. urteurrena gogoratzeko ekitaldia, Madrilgo La Maliciosa ateneoan. J. DANAE / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Mikel Elkoroberezibar Beloki, Berriemaile berezia -

2023ko ekainak 3 - Madril

Zure izena zein da: Marcelo edo Martxelo?». Madrilgo La Maliciosa ateneoko areto nagusian, jendea esertzen hasia da; antolatzaileak mikrofonoak probatzen ari dira, eta Txepe Lara zinema ekoizlea, aulki batean eserita, paper zatitxoetan marrazten ari da nola joan ekitaldiaren ostean afalduko duten tokira. «Nire izena Martxelo da. Galdera bera egin zidan Baltasar Garzonek», esan dio Martxelo Otamendik, Euskaldunon Egunkaria-ko zuzendari ohi eta BERRIAko zuzendariak, irribarrez, Javier Gomez Bermudezi, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Zigor Aretoko presidente izandako epaileari. «Ez dut ahaztuko galdera bera egin niola Iñaki Uriari, epaiketan», segitu du epaileak. Jende gehiena eserita badago ere, haiek zutik daude oraindik. «Galdetu nion ea Ignacio edo Iñaki den. Eta hark argi esan zidan Iñaki dela. Nik, ordura arte, uste nuen Iñaki Ignacioren txikigarri bat zela...». Esertzeko eskatu die Pedro Casas ekintzaile madrildarrak, eta haiek, obeditu. Azken aldiz jendaurrean batera egon zirenean, elkarri begira eseri ziren Gomez Bermudez eta Otamendi. Madrilen izan zen, Auzitegi Nazionalean; bata bestea epaitzen ari zen. Atzo, ordea, elkarren ondoan eseri ziren, mahaiaren alde berean, haiei entzuteko prest zegoen jendeari begira.


Otsailean hogei urte bete ziren Auzitegi Nazionalak eta Guardia Zibilak Euskaldunon Egunkaria itxi zutenetik; hogei urte arduradun batzuk atxilotu eta torturatu zituztenetik. Elkartasuna ez zen Euskal Herrira mugatu; Madrilgo gizarte mugimendu ugaritako ekintzaileek gaitzetsi egin zuten gertatutakoa, eta ez dute ahaztu. Urteurrenaren harira, ekitaldi bat antolatu zuten atzo Espainiako hiriburuko La Maliciosa ateneoan. Otamendik eta Gomez Bermudezek Egunkaria-ren itxieraz hitz egin zuten, baita Luis Rodriguez Aizpeolea kazetariak ere; El País egunkarian euskal gatazkaz idatzi izan zuen, harik eta 2012an erretiroa —erdizka— hartu zuen arte. Montserrat Galceran filosofoak ere hitza hartu zuen, baina Bartzelonatik; ezin izan zen Madrilen egon, amona bihurtu zelako atzo. Amparo Climent eta Carlos Olalla aktoreekin osatu zuten mahaiko bostekoa.

Auzitegi Nazionaleko Juan del Olmo instrukzio epailearen aginduz itxi zuten Egunkaria, 2003ko otsailaren 20an, eta arduradunak atxilotu zituzten; horietako bat zen Otamendi. 2009ko uztailaren 30ean, Auzitegi Nazionaleko zigor arloko bigarren aretoko epaimahaiak Egunkaria auziaren epaiketa egitea erabaki zuen; abenduaren 15ean hasi zen. Gomez Bermudez izan zen epaimahaiko presidentea —beste bi magistratuak Ramon Saez Valcarcel eta Manuela Fernandez izan ziren—, eta haren sinadura du 2010eko apirilaren 12ko absoluzio epaiak: bost auzipetuak —Otamendi, Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi eta Xabier Oleaga— errugabetzat jo zituzten, eta esan zuten ez zegoela Egunkaria ixteko lege heldulekurik.

«Egunkaria ixtea legez kanpokoa eta bidegabea izan zen. Bost pertsonaren bizitza zapuztu genuen», esan du Gomez Bermudezek, Otamendi ondoan duela, dozenaka lagunen aurrean. Barkamena eskatu du, «akatsengatik». Izan ere, nabarmendu du Egunkaria-ren itxiera «akats judizial handia» izan zela. Del Olmok «fede onez» jardun zuela esan arren, «okertu» egin zela nabarmendu du: «Epaile batek ezin du Poliziaren atestatu bat modu akritikoan sinetsi».

Beldurra helburu

Txalo artean hartu du hitza Otamendik, eta esan du Egunkaria ixtearen helburua herritarrak beldurtzea izan zela: «Herritarrei mezu hau helarazi zieten: 'Kontuz. Kontuz egiten ari zaretenarekin, edo egitea pentsatzen duzuenarekin. Gu edozer egiteko gai gara'. Egunkaria itxi zutenean, Donostian inoiz antolatu den manifestaziorik handiena egin zuten».

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Zelaia eta Barbado, Gasteizko Gobernu Militarreko balkoian. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Aitor Zelaia eta Galder Barbado gazteak atxilotu dituzte Gasteizen

Unai Etxenausia

Gasteizko Gobernu Militarreko balkoian atxiki dituzte, eta jendearen babes zabala jaso dute

Euskal Hirigune Elkargoak atzo bilera egin zuen Baionan. ©PATXI BELTZAIZ

«Madrilen euskaraz egin daiteke, eta Baionan ez», salatu dute elkargoan

Ekhi Erremundegi Beloki

Frantziako Estatuari gehiago eskatzeko agindu du Xabi Thikoipe Bil Gaiten taldeko hautetsiak, Euskal Hirigune Elkargoaren bileran

Iñigo Urkullu, atzo, Bilbon, Nueva Economia foroan. ©OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

«Irudi katastrofista» hauspotzen dutenak kritikatu ditu Urkulluk

Gotzon Hermosilla

«Laino beltzez betetako Euskadi baten ideia» sustatzen dutenek «onura politikoa» lortu nahi dutela salatu du lehendakariak hitzaldi batean
Zaballako espetxea, artxiboko argazki batean. / ©Raul Bogajo, Foku

Bi urte pasatu dira Jaurlaritzak espetxe politika bere gain hartu zuenetik

Mikel Elkoroberezibar Beloki

Basauriko, Martuteneko eta Zaballako espetxeetan 1.577 pertsona daude preso. Jaurlaritzak esan du azken bi urteotan «euskal espetxe eredua» garatzea baldintzatu dutela azpiegituren «gabeziek».

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoari esker, gure funtzioa betetzen jarraituko dugu egunero:
jendearen galdera eta kezkekin bat egingo duen kazetaritza bat egiten.