Mugan pilatuta dauden haitiarrak deportatzen hasi dira AEBak

Del Rio hiriko migratzaileen kanpalekua hustu nahi du Etxe Zuriak, eta hara iritsitako migratzaile haitiarrak Port-au-Princera bidali, hegazkinez

Migratzaileak Rio Bravo ibaia gurutzatzen, herenegun. MIGUEL SIERRA / EFE.
Julen Aperribai.
2021eko irailaren 21a
00:00
Entzun
Egunak daramatzate milaka migratzailek AEBetako Del Rio hiriko zubi baten azpia behin-behineko bizilekutzat hartuta. 14.000 lagun baino gehiago pilatu dira han egunotan, aurrera egin ezinda; nagusiki, haitiarrak. Eremua hutsarazteko, migratzaileak hegazkinetan sartu eta Haitira itzularazi nahi ditu Segurtasun Nazionalerako Departamentuak, datozen hiru asteetan, eta herenegun ekin zion plan horri. 272 lagun bidali zituzten Port-au-Princera, hiru hegalditan. Erritmoa azkartu nahi du Etxe Zuriak, eta egunero halako zazpi hegaldi egin nahi dituela jakinarazi zioten hango funtzionarioek Associated Press berri agentziari.

Dagoeneko Del Rion elkartutakoen erdiak baino gehiago mugiarazi dituzte migratzaileentzako zentroetara, eta Segurtasun Nazionalerako Departamentuak larunbatean iragarri zuen mugako 400 polizia inguru bidaliko zituztela kanpalekua erabat hutsarazteko.

Etxe Zuriak Haitiko Gobernuarekin adostutakoaren arabera, herrialde horretara ez ezik, AEBetarako bidaiaren abiapuntu izan ziren herrialdeetara ere itzularaziko dituzte migratzaileak. Marsha Espinosa Segurtasun Nazionalerako Departamentuko bozeramaileak azaldu zuenez, zenbait herrialdetako gobernuekin hizketan ari da AEBetakoa, deportatuak har ditzaten, hala nola Brasilekin eta Txilerekin.

AEBen laguntzekiko duen menpekotasuna tarteko, Haitiko Gobernuak ez dio oztopo handirik jarri Etxe Zuriaren planari. Migratzaileen «sufrimendua» bere egiten zuela esan zuen Ariel Henry Haitiko lehen ministroak larunbatean, eta haiek hartzeko neurriak hartu zituztela adierazi. Azkarregi iristen ari direla esan zuen, aldiz, Haitiko Migrazio Bulegoko buru Jean Negot Bonheur Delvak: «Haitiko Estatua ez da gai hainbeste deportatu hartzeko».

Gauza bera esan zioten joan den astean 50 legelari demokratak Joe Biden AEBetako presidenteari, gutun batean, eta deportazioak geratzeko eskatu zioten. Haren gobernuak, baina, erantzun du neurria bat datorrela aurrez hitzemandako migrazio politikekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.