Migrazioa ardatz Mexikoren, Kanadaren eta AEBen bileran

Biden, Lopez Obrador eta Trudeau Ipar Amerikako Liderren Goi Bilkura egitekoak dira gaur, Mexikon. Akordioak lortzea dute xede

Biden eta Lopez Obrador, herenegun gauean, Mexikon. SASHENKA GUTIERREZ / EFE.
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2023ko urtarrilaren 10a
00:00
Entzun
Joe Biden AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidentea eta Justin Trudeau Kanadako lehen ministroa Mexikon daude, Ipar Amerikako Liderren Goi Bilkura egitekoak direlako Andres Manuel Lopez Obrador Mexikoko estatuburuarekin. Lehen ekitaldiak atzo egin zituzten arren, gaur eta bihar egingo dituzte Ipar Amerikako hiru herrialdeen arteko bilerak. Hiru lagunen goi bilkura deiturikoan, ekonomiaz eta migrazioaz jardungo dute, besteak beste, eta hainbat akordio erdiestea dute helburu.

Mexikora joan baino lehen, Bidenek geldialdi bat egin zuen El Pason (AEB), Mexikoren etaAEBen arteko mugan. Presidente denetik mugan izan gabe zegoen, eta herenegun joan izana ez da kasualitatea. «Oso ondo dakit migrazioak tentsioa areagotu duela mugako komunitateetan», esan zuen AEBetako presidenteak ostegunean. Migrazioa izango da gaur eta bihar eztabaidatuko dituzten alor nagusietako bat, eta emana dute lehendabiziko pausoa.

Aurreko astean, AEBetako eta Mexikoko gobernuek itun bat erdietsi zuten bi herrialdeen arteko mugako migrazio fluxuak kontrolatzeko. Akordio horren arabera, AEBek aukera izango dute Mexikotik AEBetara legez kanpo igarotzen direnak kanporatzeko eta Mexikora bidaltzeko. Hala ere, bi gobernuek nabarmendu dute Haitiko, Kubako, Venezuelako eta Nikaraguako migratzaileei «erraztu» egingo dietelaAEBetarako bidea. Mugako Poliziak AEBetara zihoazen bi milioi pertsona baino gehiago atxilotu zituen iaz.

Akordio hori, ordea, ez da behin betikoa. Mexikoko Gobernuak lan arloarekin loturiko mugikortasuna handitu nahi du, eta, horren bidez, migrazioarekin lotutako akordioa zabaldu.

Droga trafikoa hizpide

Droga trafikoa da Ipar Amerikako Liderren Goi Bilkuran landuko dituzten auzietako beste bat. Alor horretan ere, lankidetzan aritu dira AEBak eta Mexiko. Aurreko astean, AEBek bilatzen zuten narkotrafikatzaile bat (Ovidio Guzman) atxilotu zuen Mexikoko Poliziak. Etxe Zuriak, ordea, koordinazioa handitu nahi du droga trafikoaren aurkako borrokan.

Ekonomia ere izango dute aztergai goi bilkuran. Ameriketako Herrien Oparotasunerako Aliantzaren sorrera proposatzekoa da Mexikoko Gobernua; Ipar Amerikako hiru herrialdeen akordio proposamen bat da, pobrezia eta desberdinkeria murrizteko. Bestalde, goi bileraren egitura baliatu nahi du Mexikok hiru herrialdeek bloke ekonomiko gisa jarduteko, eta, era berean, hiruren arteko lankidetza ekonomikoa handitzeko.

Biden, Lopez Obrador eta Trudeau iaz elkartu ziren azkenekoz, Washingtonen egin zuten goi bileran.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.