KRITIKA. Antzerkia

Duintasun irakaspena

Agus Perez.
2016ko urriaren 4a
00:00
Entzun
'Treblinkaraazken trena'

Zuzendaritza: Mireia Gabilondo. Jatorrizko ideia eta argumentua: Ana Pimienta, Fernando Bernues. Testua: Patxo Telleria. Lekua: Donostiako Larratxoko Kultur Gunea. Eguna: Irailak 30.

Ideia batengatik hiltzea erraza dela zioen Janusz Korczakek: askoz zailagoa dela ideia baten alde bizitzea. Varsoviako ghettoan umezurztegi bat antolatu zuen mediku eta pedagogoak eta Stefania Wilczynska haren lankide nekaezinak gizatasun eta duintasun irakaspen itzela eman zuten nazien krudelkeriaren aurrean. Haien figurak eta eredua deskubritzeak piztu zuen Ana Pimentarengan antzezlan hau taularatzeko gogoa.

Berrehun ume omen zeukan umezurztegi hark eta berrehun bat leku bete ditugu ikusleok leku hartako gela nagusian, ohatzetan etzanda edo egurrezko mahaien aurrean eserita. Gelako mutur bakoitzean ekintzarako beste leku esanguratsu batzuk atondu dira, hala nola sendagilearen kontsulta eta bulegoa, antzerki emanaldiak emateko lekua eta musika gela, Eneko Sagardoik estilo finez jo duen piano zahar batez hornitua. Antzezleak ikusleon artean ibili dira gu geu gertakizun haien parte izan garelako, eta lekuak ematen zuen azken aukera ere baliatu da, kanpoalderako atea ganoraz baliatuta, bisitan etorri direnak —naziak zein juduak— handik sartu direlako, eta bertatik irten direlako umeak eta bi helduak Treblinkarako trenera joateko, holokaustorako bidean.

Jatorrizko pertsonaiei zor zaien begirunea dela medio, ez da Ana Pimenta eta Fernando Bernuesen argumentuan izugarrikeria nagusitu. Nahikoa zuten protagonistek Varsovian zeukaten panoramarekin eta kanpotik etorritako injerentziekin! Gainera, euste bide horretatik askoz argiagoak eta eredugarriagoak iruditu zaizkigu Korczak eta Wilczynskaren jarrerak, adibidez estoiko eta harro esan dutenean baldintza ikaragarri haietan umeen alde jardutea ez zela sakrifiziotzat hartu behar, bizitza-proiektuaren errealizazio pozgarritzat baizik.

Mireia Gabilondoren zuzendaritzapean eta attrezzo zein jantzi egokiek lagunduta, jatorrizko pertsonaiak bezain eredugarri ibili dira antzezle guzti-guztiak, arlo profesionalean eta haiekiko distantziak gordeta, noski. Are gehiago kontuan izanda antzezleak albo-alboan eduki ditugula behin baino gehiagotan, urruntasunak emandako edozein artifizio ezabatuta eta horrek dakarren inplikazio mailarekin. Izen guztiak nabarmenduko nituzke hemen, baina Soroiz maisuarena azpimarratuko dut berriz ere, zortekoak garelako herri honetan bera bezalako aktore handia edukitzeagatik, bera ikusi eta antzezlea ez ikusteagatik, antzezten duen pertsonaia eredugarria baizik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.