Ikurren Legea aldatzeari uko egin dio gobernuak, «adostasuna» falta delako

Udal maparen erreforma indargabetzeko eskea ere ezetsi du Txibiteren gobernuak. Parlamentuak etzi izendatuko du hari dagokion senataria

jon olano
2019ko irailaren 24a
00:00
Entzun
Navarra Sumak bi lege proposamen aurkeztu zituen abuztuan Nafarroako Parlamentuan: Ikurren Legearen erreforma eta bertan behera uztea Udal Maparen erreforma. Atzo, Nafarroako Gobernuak proposamen horien inguruan eginiko txostenak jaso zituen Parlamentuko Mahaiak, eta bide eman zion horien tramitazioari. Hala ere, bi legegaiek ez dute osoko bilkuraren langa gaindituko, Nafarroako Gobernuak bien kontrako iritzia eman baitu.

Horren berri izan ostean, Navarra Sumako bozeramaile Javier Esparzak salatu du bi proposamenak baztertzea PSNk «nazionalismoari eginiko kontzesio izugarria» dela: «Iragan legealdian, PSNk zioen Ikurren Lege berri bat behar zela ikur horiek duintzeko». Ramon Alzorriz PSNko bozeramaileak, ordea, esan du ezezko horiek bat datozela PSNk, Geroa Baik, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak adostutako programarekin, eta erantsi du «adostasun handiagoa» behar dela ikurren gaian «egonkortasuna» lortzeko.

Mahaikideek beste txosten bat ere izan dute mahai gainean; legebiltzarreko zerbitzu juridikoek adierazi dute Parlamentuko Mahaia ezin dela handitu legealdi honetan. PSNk mahaitik kanpo nahi zuen EH Bildu, baina adostu zuten EH Bildurentzat izatea bigarren idazkaritza mahaiaren osaketa zabaltzearen truke, bost ordezkaritik zazpira igarota. PSNkoa eta Ahal Dugu-koa izan behar zuten bi kide berriek. Zerbitzu juridikoek adierazi dute legebiltzarraren erregelamendua moldatu behar dela horretarako, eta araudi berria hurrengo legealdian sartuko litzatekeela indarrean.

Akordiorik ez senaturako

Bestalde, etzi egingo dute Nafarroako Parlamentuari dagokion senataria aukeratzeko eztabaida. Navarra Sumako Arantxa Arias, Geroa Baiko Koldo Martinez eta Ezkerrako Iñaki Bernal dira hautagaiak, eta oraingoz ezein hautagaik ez du behar adina babes. Ariasek bere taldekideen hogei botoak izango ditu,eta beste hainbeste lor ditzake Martinezek, PSNk eta Geroa Baik haren alde egingo baitute. EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerra Bernali botoa ematekoak dira, baina, berdinketa gertatuz gero, Navarra Sumakoa litzateke senataria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.