Albistea entzun

Koronabirusa. GIZARTEA PENTSALDIAN

Nork ordaintzen du gizarte babesa?

Joseba Zalakain - SIIS ikerketa zentroko zuzendaria

2021eko otsailak 3

Eustatek aditzera eman dituen datuen arabera, 2019an Euskadin ia 20.000 milioi euro gastatu ziren gizarte babesean, aurreko urtean baino % 5,9 gehiago. Gehikuntza horren ondorioz, gizarte babesean gastatutako kopurua barne produktu gordinaren %24,6ra iritsi zen. Gastu horren heren bat euskal administrazioek hartzen dute bere gain, eta beste bi herenak espainiar administrazioek, batez ere Gizarte Segurantza eta Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren bitartez. Euskal erakundeek egiten duten gastuari dagokionez, bi heren —4.200 milioi— osasun zerbitzuak ordaintzeko erabiltzen dira; beste herena gizarte zerbitzu, etxebizitza, diru-sarrerak bermatzeko errenta eta familia politiketara bideratzen da.

Euskadik gizarte babesean egiten duen gastua altuenetakoa da Europan. Eustaten arabera, herrialde bakoitzeko erosteko ahalmena kontuan hartuta, Euskadik 9.022 euro gastatu zituen biztanleko 2019an; horrek EB-27ren batezbestekoaren (8.709) eta Espainia (6.457) edo Irlanda (7.276) herrialdeen gainetik kokatzen du. Taularen goiko muturrean Luxenburgo (16.031) eta Danimarka (11.866) daude.

Eustaten datu horiek ez dute balio, ordea, estatu azpiko administrazioek —hau da, gobernu zentralen pean dauden udal eta herrialde mailako erakundeek— oinarrizko zerbitzu publikoetan —hezkuntza, osasuna eta gizarte babesa, alegia— egiten duten gastu publikoa alderatzeko. Ariketa hori egiten denean, emaitza interesgarriak azaltzen dira: alde batetik, Euskadin egiten den gastu publiko osoa, biztanleko, herrialde garatuen artean egiten den altuenetakoa da, batez ere osasunean, hezkuntzan eta gizarte babesean pentsioak, gizarte zerbitzuak eta beste diru laguntzak? egiten den gastua dela eta. Beste hitzetan, Euskadin egiten den gastu publikoa bereziki bideratua dago, beste herrialdeekin alderatuta, gizarte ongizatera, maila handi batetan Euskal erakundeek —beste tokiko administrazioekin alderatuta— egiten duten gastu handiaren ondorioz.

Izan ere, estatu azpiko administrazioak hartzen badira bakarrik kontuan —esaterako, Alemaniako landerrak, Suitzako kantoiak, Erresuma Batuko konderriak edota Estatu Batuetako estatuak, bertako udalekin batera—, Euskadi da osasun arloan bigarren gastu handiena egiten duen herrialdea, Danimarkako eskualdeen atzetik. Hezkuntza arloan, Euskal Autonomia Erkidegoa da laugarren gastu handiena egiten duen herrialdea, Estatu Batuetako, Belgikako eta Suitzako estatu, eskualde eta kantoien atzetik. Aldea ez da berriz horren handia gizarte babesaren arloan, hemen pentsioak direlako gastuaren parterik handiena eta alor horretan espainiar administrazioa da —Gizarte Segurantza medio— gasturik handiena egiten duena.

Zergatik gastatu dezake —edo gastatu behar du— hainbeste diru Euskadik oinarrizko zerbitzu publiko hauetan? Alde batetik, herrialde zaharkituagoa delako, inguruko herrialdeekin konparatuta, eta, bestetik, aberatsagoa delako. Ezin da ahaztu EAEko errenta maila, biztanleko, Europako altuenetakoa dela eta, baita ere, 65 urte baino gehiago dituzten pertsonen kopurua. Esan behar da, gainera, nabarmena izan dela, oro har, Euskadin hiritarrek nahiz erakundeek gizarte politiken alde agertu duten jarrera. Gogoratu behar da ere ordea, horrekin guztiarekin batera, Euskadik bere gizarte politikak finantzatzeko dituen erraztasun bereziak: alde batetik, Euskadik ez du —beste herrialde aberatsetan bezala, Katalunia edo Madril kasu— bere baliabide ekonomikoen parte handi bat Espainiako Estatuko herrialde pobreagoetara zuzendu behar, kupoaren bitartez bertan jasotako ia zerga guztiak bertan mantentzen direlako. Horrek egiten du posible osasun, gizarte zerbitzu edo hezkuntza arloan euskal erakundeen gastua horren altua izatea; era berean, Euskadi kutxa bakarraren printzipioan oinarritutako Gizarte Segurantzaz baliatzen da. Ez da ahaztu behar sistema horren onuradun direla, bereziki, komunitate zahartuenak edota garapen ekonomiko txikiena dutenak, bertan jasotzen diren kotizazioak ez baitira nahikoak —edo, hobeto esanda, bereziki urriak direlako— bertako pentsioak bere osotasunean ordaintzeko.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Gipuzkoako zahar etxetako langileek manifestazioa egin zuten atzo, Donostian. ©Andoni Canellada / FOKU

Sindikatuek salatu dute «onartezina» dela Gipuzkoako zahar etxeetako patronalaren proposamena

Oihane Puertas Ramirez

Kritikatu dute proposamenak, soldata igoerez haratago, ez duela «inolako hobekuntzarik» jasotzen.  Ekainaren 13an egingo dute hurrengo negoziazio mahaia, eta proposamen «erreal eta ausartago» bat egiteko eskatu diote.

Arabako Unibertsitate Ospitalea, artxiboko irudian ©David Aguilar / EFE

Osakidetzak tximino baztangaren lehen kasu susmagarria atzeman du

Irati Urdalleta Lete

Bi edo hiru egunen buruan espero dute kasua baieztatzea edo ezeztatzea. Gizonak sintoma arinak ditu, eta ez dute ospitaleratu behar izan.

Euskara Aurrera egitasmoaren aurkezpena, apirilaren 5ean, Donostian. ©Maialen Andres / FOKU

Euskara Aurrera-ren manifestazioa «zabala eta askotarikoa» izan dadin nahi dute deitzaileek

Julen Aperribai

Parte hartzera dei egin diete «etorkizuna euskaraz irudikatzen duten guztiei». Mugarri izan nahi du mobilizazioak, euskararen aldeko «herri bultzada» aktibatzeko. 2.200 lagunek baino gehiagok sinatu dute Euskara Aurrera-k sarean eskegitako manifestua.

Bost urteko espetxe eskaera, bikotekidearen alabari sexu abusuak egiteagatik

Berria

Gipuzkoako Fiskaltzaren arabera, ustezko erasotzaileak 2013tik 2016ra bitarte egin zizkion erasoak adingabeari.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.