HILBERRIA. Javier Eskubi

Eskuineko abizenez, ezkerti arimaz

joxerra senar
Iruñea
2019ko martxoaren 2a
00:00
Entzun
«Pertsona zintzo eta azkarra, politikari ausarta, euskaltzale leiala». Halaxe agurtu zuen Patxi Zabaletak Aralarreko alderdikide Javier Eskubi Larraz. Xabier Arzalluz hil zen egun berean zendu zen Javier Eskubi, 73 urterekin. Atzo, erraustu, eta azken agurra eman zioten Leitzan, bere herrian. Bilbon sortu zen, eta traumatologia arloko medikua eta ortopediako zirujaua zen. Alta, ibilbide politiko luzeagatik egin zen ezagun. Eskuinekoa zen abizenez, bainar ezkertia arimaz.

Oso gaztetan, frankismo betean sartu zen politikan, anaiaren urratsei jarraituz. Izan ere, Jose Mari Eskubi, garai hartan Bruno ezizenez deitua, 60ko hamarkada amaieran ETAko buruzagi historikoa izan zen, eta, hura bezala, erakunde armatuko kide izan zen Javier ere. Espetxean hainbat aldiz izan zen horregatik preso.

Gerora, diktadorea hil ondorengo lehen urteetan, CCOO sindikatuko idazkari izan zen, «ezkerrerago beste sindikaturik ez zegoenean». Halaber, 1977ko hauteskunde orokorretan, ezkerreko Unai koalizioko partaide ere izan zen.

Hogei urte geroago, Lizarra-Garaziko Itunaren garaian, Euskal Herritarrok koalizioarekin aurkeztu zen udal hauteskundeetan, eta Iruñeko hautetsi izan zen. Lizarra-Garaziko akordioa hautsita, Batasunaren ildo politikoarekin kritiko, lehenik, Aralar joera kritikoa babestu, eta, gerora, alderdia sortu zuen Patxi Zabaletarekin eta beste hainbatekin batera.

Aralar alderdi sortu berri hark berehala lehiatu behar izan zuen 2003ko maiatzaren 25eko hauteskundeetan, eta Iruñeko udalerako zerrendaburu izan zen Eskubi. PSNren laguntzaz, Yolanda Barcina UPNko alkatea bere karrera politikoaren goraldian zegoen legealdi hartan. Harekin hamaika talka izan arren, beste pasadizo batekin egin zen ezagun. Sanferminzale porrokatua eta Irrintzi peñako kidea zen; 2006an, txupinazoa botatzea egokitu zitzaion, eta «gora sanferminak!», oihukatu zuen. Barcinak, mikrofonoa hartu, eta «Gora, San Fermin», bota zuen jarraian. Hurrengo urtean, 2007an utzi zuen politika.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.