Euskaraz hasteko bidea

HE Gurasoak Iruñea elkarteko kideek erantzuna eman diote udalak haur eskoletan euskara murrizteko iragarri duen asmoari: herri haur-eskola bat martxan jartzeko lanean ari dira.
Haur eskolen aldeko otsaileko protesta, Iruñean.
Haur eskolen aldeko otsaileko protesta, Iruñean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Uxue Rey Gorraiz - Nafarroako Hitza

2020ko maiatzak 27

Ez dakit tokirik izango duen; asko aldatu da kontua». Saioa Anzizu txantrearrarenak dira hitzak, eta 5 hilabeteko alabaz ari da. Izan ere, Anzizuk Txantreako Izartegi haur eskolan matrikulatu nahi du alaba, euskaraz, baina badaki zaila izanen dela hori lortzea, Iruñeko Udalak erdira murriztu baitu euskarazko eskaintza duten haur eskolen kopurua datorren ikasturterako: titiko haurrentzako eta ibiltarientzako tokiek 136 izateari utzi, eta 61 izango dira.

Iruñean familia asko eta asko daude Anzizurenaren egoera berean, eta, horiek horrela, udalaren asmoaren berri izan zutenetik, borrokan ari dira egoera horri irtenbidea emateko: herri haur-eskola bat sortzeko prozesua jarri dute martxan, behin-behineko konponbide gisa.

Iruñeko Udalean agintea laukoak izan zuen garaian, euskarazko eskaintza zabaldu egin zen, eta, Iruñean dauden hamasei haur eskoletatik, lauk zuten euskarazko eredua: Printzearen Harresi, Donibane, Goiz Eder eta Izartegi haur eskolek.

Aldiz, Navarra Sumak eskaintza murriztuko duela iragarri zuen urte hasieran, eta, ondorioz, zerrenda horretako eskoletatik bitan baizik ez da euskarazko eskaintzarik egonen haur txikienentzat. Are gehiago, horietako batean, Goiz Eder haur eskolan, eskaintzaren erdia bakarrik izanen da euskaraz, eta, beraz, Txantreako Izartegi izanen da haur eskola euskaldun bakarra Iruñe osoan.

Udalak euskarazko lekuei dagokienez egindako murrizketari kontra egiteko sortu zen HE Gurasoak Iruñea elkartea. Saioa Anzizu elkarteko kide da, eta egoera larria dela salatu du. «Eskubidea dugu euskaraz bizitzeko eta ikasteko. Gure nahia hori baldin bada, bermatu dezatela haurrek tokia izanen dutela».

Gurasoek zenbait bilera izan dituzte udaleko eta Nafarroako Gobernuko alderdi politikoekin, eta, horietan, murrizketa dakarren epaia oraindik ez aplikatzeko eskatu diote Navarra Sumari. Izan ere, talde politikoak azaldu du berriki haur eskolen hizkuntza ereduari buruz egindako inkestako datuak erabiliko dituela eskaintza egokitzeko, baina ez aurten, hurrengoan baizik, 2021-2022ko ikasturtean. Datu horien arabera, gurasoen %36k nahi dute euskara duen ereduren bat, baina, Navarra Sumaren murrizketaren ondotik, %14raino jaitsiko da eskaintza aurten.

Eskaintzaren eta eskariaren arteko oreka dute askok ahotan. Eskaria zenbatekoa den definitzen duten irizpideak, ordea, zalantzan jarri beharrekoak dira HE Gurasoak elkarteko kideen ustez. Zehazki, iruditzen zaie udalaren azken galdeketa ez dela «zintzoki» egin. «Jendeak dagoen eskaintzari erreparatuta egingo lukeena erantzun zuen, eta, noski, beste faktore batzuek ere baldintzatzen dute gurasoen hautua», esan du Anzizuk.

Haren ustez, hurbiltasuna da gurasoek beren seme-alabak nora joatea nahi duten erabakitzeko garaian gehien baloratzen dituzten gauzetako bat, eta gogoratu du euskarazko eredua eskainiko duten bi haur eskolak Iruñeko iparraldean daudela, «etxetik urrunegi» askorentzat.

Herri haur-eskola

Kudeaketa jarduera eta izen emate gehienen antzera, pandemiak atzeratu egin du Iruñeko haur eskola publikoetan aurrematrikulazioa egiteko prozesua ere, eta udalak joan den astean iragarri ditu data berriak: astelehenetik aurrera eman ahal da izena, telematikoki.

HE Gurasoak elkarteko kideak erlojuaren kontra ari dira lanean arazoari aurre egiteko. Sare sozialen bidez, mezu bat bidali diete egoera berean daudenei: haurrak haur eskola euskaldunetara eramateko interesa duten Iruñeko familiak elkartearekin harremanetan jartzeko eskatu dute, hegurasoak.harrera@gmail.com helbidera idatziz. Bi helburu nagusi ditu deialdiak: batetik, «benetako eskaria zein den erakutsiko duen argudio sendo bat» izatea, eta, bestetik, sortu nahi duten alternatibarako kontuak egiten laguntzea.

Herri haur-eskola bat sortu nahi dute, izan ere, HE Gurasoak elkarteko kideek. Kooperatiba baten bidez abiarazi nahi dute proiektua, hain zuzen, datorren abuztuan martxan jartzeko. Lokalak begiratzen ari dira orain, baita finantza bideak argitu nahian ere, proiektua «jasangarria» izan dadin.

Dena dela, Anzizuk argitu du «trantsiziozko» irtenbidea dela proposatu dutena, eta helburua beti izanen dela sare publikora bueltatzea. «Ez dugu eskola pribatu bat sortu nahi gure kabuz; orain dugun aukera bakarra delako egingo dugu hau», berretsi du Anzizuk.

Tarifa publikoak ezarri nahi dituzte, eta, ahal dela, murrizketaren ondorioz lana galdu duten hezitzaile horiekin atera aurrera proiektua.

Aita eta zuzendari

Garikoitz Torregrosa da HE Gurasoak elkarteko kideetako beste bat. Kasu berezia da Torregrosarena: haren alaba haur eskolan dago jadanik, euskarazko ereduan. Dioenez, murrizketak beste pertsona askori edo etorkizunean agian berari kalte egiten ahal dielako ari da borrokan, baina baita esparru profesionalean eragiten diolako ere.

Izan ere, Arrosadia auzoan den Printzearen Harresi haur eskolako zuzendaria da Torregrosa, eta Iruñeko Udalak iragarritako murrizketak bete-betean zigortu du zentro hori: titiko haurrentzako eta ibiltarientzako euskarazko leku guztiak desagertu eginen dira, Navarra Sumaren erabakiaren eraginez, hain zuzen ere. «Lau edo bost pertsonak beren lanpostua galduko dute, murgiltze eredua apurtu egingo da, eta euskarak espazio bat galduko du», azaldu du.

Torregrosaren iritziz, «mendeku gogoa» dago Navarra Sumaren erabakiaren atzean. «Hala erabaki dutenek badakite denboran 30 urte atzera egitea bezala dela hau, eta sobran dakite hori ez dela posible, asko aldatu dela euskararekiko jarrera, hobera».

Torregrosaren ustez, «jokaldi baten parte» da berriki egindako murrizketa. «Sekulako kolpea eman dute orain, ondoren murrizketa zertxobait arindu eta ongi gelditzeko gizartearen aurrean», azaldu du.

Bestalde, HE Gurasoak elkarteko kidea ez dago ados haur eskoletan euskarak duen tokia soilik eskariari erreparatuta ezarri beharrarekin. «Kontua ez da eskaintzak eskariari erantzun behar diola: argi utzi behar dugu hau eskubide kontua dela», nabarmendu du.

Gogora ekarri du, gainera, udaleko arduradunek «inori galdetu gabe» handitu zutela ingelesezko eskaintza, adibidez, eta, ondorioz, kasu horretan ez zirela egon «derrigortuta eskaria bazegoela erakustera».

Euskarazko haur eskola publikoen aldeko borrokan ahalik eta bidelagun gehien bildu nahi dituzte HE Gurasoak elkarteko kideek. Lanean segitzeko gogo faltarik ez dutela diote, eta argi dute zein den helburua: «Euskara eskubidea guztiontzat!».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Izurriaren aurka neurri «gogorrak» ezarrita daudela esan du Illa ministroak, zorrozteko eskeen aurrean

Izurriaren aurka neurri «gogorrak» ezarrita daudela esan du Illa ministroak, zorrozteko eskeen aurrean

Arantxa Iraola

Jaurlaritzak 19:00etako jarduera oro bertan behera uzteko proposamena eraman du, eta etxeratzeko agindua aurreratzekoa

Pujanaren gorpua topatu, eta ikerketa abiarazi zuen Ertzaintzak. ©GORKA RUBIO / FOKU

Pujana sexualki esplotatzea egotzi diete haren hilketagatik ikertutakoei

Jon O. Urain

32 urteko emakumea zena legez kanpo atxiki izana ere leporatu die epaileak bi akusatuei.

Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua ©Adrian Ruiz de Hierro/ Efe

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa «eremu gorrian» sartuko dira aste honetan, Sagarduiren arabera

Berria

Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak ohartarazi du birusarekin gaixotutakoen ospitaleratzeek gora egin dutela eta ZIUetako okupazioa «kezkagarria» dela.

Basurtuko ospitalea (Bilbo), artxiboko irudi batean. ©Marisol Ramirez / FOKU

Basurtu eta Santa Marina ospitaleetako buruek dimisioa aurkeztu dute, txertoa jartzeagatik

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria

Osakidetzak ezarritako protokoloa bete ez, eta COVID-19aren aurkako txertoa jarri dute bi zuzendariek. Maizek barkamena eskatu du, «zerbaitetan akats egin badu».

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.