Donostian sarri, Donostian sari

Hirokazu Kore-edaren ibilbidea aintzatetsiko du Zinemaldiak, Donostia sariarekin. Haren estilo soil sotila eta «begirada humanista» nabarmendu dute adituek

Hirokazu Kore-eda, 2014an, Bilbon Zinebi saria jaso zuenean. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Gorka Erostarbe Leunda.
Donostia
2018ko ekainaren 30a
00:00
Entzun
Donostiako Zinemaldiko aspaldiko laguna da Hirokazu Kore-eda (Tokio, 1962). Sarri zan da Donostian, estimatuak izan dira haren filmak; estimatua da bera ere. Lau aldiz lehiatu da Sail Ofizialean, eta bitan lortu du Perlak saileko Publikoaren Saria: 2015ean Umimachi Diary / Our Little Sister-ekin, eta 2013an, Soshite chichi ni naru / Like Father, Like Son-ekin. Bestelako sari bat jasoko du aurten, 66. edizioan. Haren ibilbidea aintzatetsiko dute, Donostia sariaren bitartez. Ohorezko aitorpen hori jasoko duen lehen zinemagile asiarra da Kore-eda.

«Gaur egungo Japoniako bizitzaren kronista handietako» bat da Kore-eda, Zinemaldiak berak adierazi duenez. Hana yorimo naho / Hana (2006) filmean zinema historikoa eta samuraien gaia jorratu zituen; betiere, oso ikuspegi pertsonaletik, bere mezu humanistarekin generoaren konbentzioak apurtzeko. Film hori Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatu zen, bai eta Auritemo auritemo / Still Walking ere (2008), familia harremanen emoziozko kontakizuna. Kûki ningyô / Air Doll (2009) Cannesko zinemaldiko Un Certain Regard sailean estreinatu zen, eta bira harrigarri bat izan zen haren ibilbidean; izan ere, zientzia fikziozko istorio bat kontatzen du, gizakien sentimenduak ahaztu gabe, zuzendariaren betiko kezka baitira. Azken urteetan, Kore-edak familiarekiko eta haurrekiko interesa lehenesten jarraitu du, memoriari, galerari eta bizitzearen esperientzia gazi-gozoari buruzko drama sentikorren bidez. Horiek guztiak nazioarteko zinema jaialdietan estreinatu dira: Kiseki / I Wish-ekin (2011) gidoi onenaren saria lortu baitzuen Donostia Zinemaldian; Soshite chichi ni naru / Like Father, Like Son (2013) eta Umimachi Diary / Our Little Sister (2015), Cannesko zinema-jaialdiko Sail Ofizialean estreinatuak; Umi yori mo mada fukatu / After the Storm (2016), Cannes ko zinemaldiko Un Certain Regard sailean aurkeztua; eta Sandome no satsujin / The Third Murder (2017) drama judiziala, zeina Veneziako zinemaldian lehiatu baitzen.

Haurtzaroa ez zen sasoi erraza izan Kore-edarentzat. Hala adierazi zuen Umimachi Diary filma Donostian aurkeztu ondoren, 2015ean.«Aitak ez ninduen abandonatu, baina ez zen etxean denbora luzez egoten. Beti izan zituen oso lan prekarioak. Gure aita eta ama ez ziren ondo konpontzen; amak lan egiten zuen, eta hiru seme-alaba zaintzen zituen. Ni beldur nintzen aita ez zela itzuliko, eta amak utzi egingo gintuela. Ume traumatizatu bat nintzen, eta, modu batera edo bestera, umetako trauma horiek islatzen ditut nire filmetan».

Xalo, soil, arantzak

Kore-edaren zinemagintzak asko du humanismotik, xalo eta soil agertzen baititu gizarte garaikideen, familien eta haurren errealitate arantzatsuak, konplexutasun, paradoxa eta arantzak ezkutatu gabe, baina begirada samur bati bide emanez. Humanismoarekin lotu dute sarri Kore-edaren jarduera, berak hain garbi ikusten ez duen arren. «Ez dakit. Humanista izateak esan nahi badu pertsonak interesatzen zaizkidala, bai, humanista naiz. Baina sekula ez zaizkit gustatu izan gehiegi ismo-ak. Sentimenduez hitz egin nahi dut, pertsonei gertatzen zaienaz».

Hirokazu Kore-eda 1962an jaio zen, Tokion. Waseda Unibertsitatean graduatu zen 1987an, eta TV Man Union telebista ekoizpeneko konpainian hasi zuen bere ibilbidea, zenbait dokumentalen zuzendari lanetan. 1995ean, zineman debutatu zuen, Maboroshi no hikari / Maborosi filmarekin. Lehen lan horretan, Teru Miyamotoren nobela bat egokitu zuen. Ordurako, bere estiloa azaldu zuen, eta bere lanetan behin eta berriro agertu dituen gaiak jorratu zituen; familia harremanak eta pertsona maiteak desagertzeak sortzen duen hutsunea. Filmak Urrezko Osella irabazi zuen Veneziako 52. zinemaldian, eta etorkizun handiko zinemagiletzat hartu zuten —1990eko hamarkadan, Japoniako zinemaren berrikuntza garrantzitsua egin zuten zinemagileetako bat izan zen—. Bigarren filmean —Wandafuru raifu / After Life (1998)—, fantasiazko zinema eta teknika dokumentalak batu zituen, oso modu originalean, eta bere talentua berretsi zuen Donostia Zinemaldian estreinatu eta gero. Cannesko zinemaldian haren lan hauek eman dituzte: Distance (2001), Aum Shinrikyo sektak 1995ean egin zuen atentatuari buruzko ikerketa poetikoa, Sail Ofizialean lehiatzeko aukeratu zuten. Bestalde, haurren mundua arakatzen duen Dare mo shiranai / Nobody Knows (2004) filmari esker, gizonezko aktore onenaren saria irabazi zuen protagonistetako batek; Yagira Yuyak, hain zuzen ere.

Hastepenetatik Yasujiro Ozu zinemagile japoniar handiaren zinemagintzaren estilotik asko edan izan duela aditu izan du Kore-edak. Berari kosta egin zitzaion eraginaz jabetzea: «Umimachi Diary-rekin ohartu nintzen erabat haren eraginaz, eta emakumeen presentziagatik izan zen».

Harrigarria dirudien arren, ez da izango Euskal Herrian sari bat jasoko duen lehen aldia. 2014an Bilboko Zinebin saritu zuten; Ohorezko Mikeldi saria eman zioten, bere lanaren «originaltasun eta konpromiso humanistagatik». Donostia saria emateko ekitaldia Viktoria Eugenia antzokian izango da, eta osagarri modura, Manbiki kazoku / Shoplifters (2018) emango dute; Urrezko Palma irabazi zuen azken Cannesko zinema jaialdian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.