BI TARTE

Gu ez, beste horiek

Ane Labaka Mayoz. Malen Amenabar Larrañaga
2020ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Zenbat denbora behar du bederatzi minutu inguruko bideo batek biral bilakatzeko? Munduari bira emateko? Zenbat denbora behar du agente batek eskuak poltsikoan dituela azpiko gizonaren lepoaldea belaunburuarekin estutzeko? Zenbat minutu iraun dezake pertsona batek galtzada grisaren aurka oihuka, arnasarik hartu ezin duela eta mesedez gainetik kentzeko erreguka?

Amorruak mundua den globoa lehertu du, zulatu, eta ke beltza dario puntu ezberdinetatik. Jendeak kaleak hartu ditu, suminari oihu forma emateko ahaleginean. Basakeria polizialak sortutako asaldurari basakeria polizial gehiagorekin erantzun zaio.

Bitartean, uniformedun agente gehiago irudikatu ditut Arkauteko bulegoren batean, kafe-orduan Minneapoliseko irudiei edo Almerian poliziek asfixiatutako gaztearen kasuari buruz hizketan; herrizain izateko h bat baino askoz gehiago falta zaiela disimulatu nahian. Elkarri sinetsarazi nahian beraiek ez luketela horrelako jokabiderik izango, inondik inora. Polizia eredugarriak hasperenka; gu ez, beste horiek.

Uniformedunetatik harago, jende asko sumatu dut haserre. Jende askori sumatu diot urrutiko bidegabekeriak salatzeko beharra. «Lehenago bai, lehenago beti zeuden kaleak sutan...» eta antzerakoak behin eta berriro entzun ditugun belaunaldiko kide izan arren umetan dagoeneko gurasoak eta haien lagunak odol jario ikusi ahal izateko aukera eman zigun herrian hazi gara. Herri harresi eta bestelako dinamika baketsuetan ondoan genuena iletik tiraka arrastaka nola eramaten zuten ikusi izan dugu geure begiz. Hemen ere badakigu zerbait bortizkeria polizialari buruz. Eta, hala ere, Euskal Herrian gertatuei ez ikusiarena egindakoak sumatu ditut Minneapolisera begira.

Distantziaren talaia beti da arriskutsua eta beste norbait seinalatzeak bakea ekartzen dio norberari; autosalbazio moduko bat da. Guk ez genukeelako inoiz beltz bat lurraren aurka sakatuko. Ez genukeelako inor bere azal koloreagatik ezberdin tratatuko. Ez genukeelako susmagarritzat hartuko lapurreta baten aurrean. Ez geniokeelako oztoporik jarriko gure etxea alokatzeko orduan. Ez ginatekeelako etengabe gure kontzientziak zuritzen ahaleginduko. Ez genukeelako zerrenda beltzik egingo. Zuri eredugarriak aieneka ; gu ez, beste horiek.

Guri ez litzaigukeelako inoiz otuko andre bat erail ondoren geure buruaz beste egitea. Ez genukeelako joko, irainduko. Ez genukeelako lagunekin batera atari batean bortxatuko. Ez geniokeelako feminismoaren aurpegi publiko bati heriotza-amenazurik bidaliko. Ez genukeelako polita dela argudiatuz sarea dimititu berri duen emakumezko zinegotziaren argazkiz beteko. Gu ez garelako emakumezko batek publikoki emandako iritzi baten aurrean saldoka anaitzen diren troll anonimoen taldeko. Ez diegulako barre egiten gizonezkoz soilik osatutako espazioetan entzuten diren txiste matxista nahiz homofoboei. Gizon eredugarriak #notallmen-ka; gu ez, beste horiek.

Guk ere, ordea, gurea ez den edo, are, gure aurkakotzat dugun sektore politiko bateko gizon batek egindako erasoak birtxiotu nahiz kritikatu ditzakegu gogoz, gure mugimenduan gertatuak makillatzen ditugun bitartean. Beraien kontua soilik balitz bezala saltzen saiatu gaitezke; auzo ustez askeetan, asanblada ustez horizontaletan, jai ustez alternatiboetan, militantzia-esparru ustez iraultzaileenetan, herriko tabernetan, gaztetxeetan, gune okupatu eta autogestionatuetan... leku guztietan gertatzen direla azpimarratu beharrean. Hernanin, Zarautzen... Han edo hemen. Han eta hemen.

Distantziaren talaia beti da arriskutsua eta guztiok lasaitzen gaitu beste norbait seinalatzeak. Beste norbait seinalatuta salbatzen dugu geure burua. Beste norbait seinalatuta erortzen gara geuk jarritako tranpan. Tamalez, ez da zaila zapaltzailearen eskalan gu baino muturrerago joan den norbait topatzea.

Beste norbait seinalatuta egiten diogu izkin norbere estolderietako lohia ikusteari. Horiek dira ausartenak eta erradikalenak niretzat; barruko kaka hori behatu, onartu, ukitu, usaindu... eta beste forma bat ematen ahalegintzen ari direnak. Gu ez, beste horiek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.