Koronabirusa

Krisiaren lehen kolpeak 14.364 langabe gehiago ekarri ditu

Dozenaka mila langile aldi baterako erregulazioan jartzeak arindu du langabeziaren igoera. Gizarte Segurantzak 34.000 kotizatzaile galdu ditu martxoko azken bi asteetan

Iker Aranburu.
2020ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
Hilabete batean inoiz ezagututako igoerarik handiena izan du langabeziak martxoan. Hego Euskal Herriko enplegu bulegoetan 165.578 langabe zeuden erregistratuta martxoaren amaieran, hilabete lehenago baino 14.364 gehiago. 2008an abiatutako krisiaren hilabeterik txarrenetan ere ez zen hainbesteko igoera erregistratu Lanbideko eta Nafar Lansareko bulegoetan. Berez, hiru aldiz soilik gainditu du 10.000 langaberen langa hilabete bakarrean, eta urtarrilean izan zen (2009an, 2010ean eta 2012an), Eguberrietako kanpainaren ondoren milaka enplegu labur galtzen baitira. Langabezia tasa puntu bat igo da, %12,3ra. Askoz handiagoa da emakumeena (%14,3), gizonena baino (%10,5).



Oraingoan ere aldi baterako kontratua zutenak izan dira koronabirusaren krisiaren lehen biktima ekonomikoak. Haien artean nabarmendu dira ostalaritzako langileak eta merkataritzakoak. Tabernak, jatetxeak, sagardotegiak eta denda gehienak itxi egin zituzten martxoaren 13tik aurrera, eta lan horietan kontratu laburrekin ari zirenetako asko eta asko kalera bota dituzte.

Kontratu mugagabeetan zeudenen artean, gutxiago hazi da langabezia, besteak beste, enpresa gehienek ABEE aldi baterako enplegu erregulazioetara jo dutelako salmentak desagertu edo jaitsi diren aldiari aurre egiteko. Langile horien kontratuak etenda daude, eta ez hautsita. Hortaz, egoera horretan dauden bitartean langabezia saria jasotzeko eskubidea duten arren, teknikoki ez daude lanik gabe. Lan bilatzaile okupatuen atalean azaltzen dira Lanbideren eta Nafar Lansaren zerrendetan, lan hobeago baten bila dabiltzanekin batera; jada 165.000 daude.

Kaleratze hutsak ahal zuen neurrian eten nahi izan ditu Espainiako Gobernuak, eta enpresei azenarioa eta makila erakutsi die horretarako. Lehenik, aldi baterako erregulazioak eskatzeko pizgarri bat eman zien: prozedurak erraztu zituen, egoera horretan zeuden guztiei langabezia saria agindu zien, eta haien Gizarte Segurantzaren kotizazioak bere gain hartu zituen. Hau da, zailtasunak zituzten enpresek kosturik gabe utz ditzaketela beren langileak egoera horretan, kontratu mugagabea dutenak ez ezik, baita behin-behinekoak ere.

Bigarrenik, makila ere atera die enpresei: jakinarazi die ez duela onartuko koronabirusa arrazoi gisa kaleratze objektiboetan, horretarako aldi baterako erregulazioak daudelako.

Ondorioz, inoiz ez bezala handitu dira ABEEak. Azken datuek diote 170.000 lagun baino gehiagoren aldi baterako erregulazioa eskatu dutela enpresek.

%12k bota «behar» dute

Ildo horretan, bere kideen artean egindako inkesta bat aurkeztu zuen atzo Cebekek. Bizkaiko patronalari erantzun dioten 314 enpresetatik, %12k soilik diote langileak kaleratu dituztela edo ez dituztela berritu aldi baterako kontratuen kontratuak; baina beste hainbatek diote kaleratzeen «beharra» dutela. Enpresa guzti-guztiek hartu dituzte neurriak ekonomiaren geldialdiari aurre egiteko, eta hirutik batek telelana ezarri du. Fakturazioaren %75-100 galdu dute %23k, eta beste %26k, berriz, %50-75. Jarduera ekonomikoa geratzeko erabakiaren aurka daude %84, eta %78k esan dute ondorio oso larriak izango dituela.

Jardueren etetea ez da oraindik ongi islatu Gizarte Segurantzaren afiliazioan —soilik 7.623 lagunek utzi diote kotizatzeari—. Horrek badu azalpena: Lan Ministerioak hilabete bateko batezbestekoak eman ohi ditu kotizatzaileak kalkulatzeko, eta horrek erdizka baizik ez du erakusten hilabetearen amaieran gertatutako enplegu galera handia. Horregatik, oraingoan, ministerioak martxoaren 12az geroztik izandako galerari buruzko datu orokor batzuk eman ditu. Horrek erakusten du Hego Euskal Herrian %2,7tik gorako galera izan dela enpleguan, 34.000 enplegutik gora.

Sektore bakan batzuetan, berriz, gora egin du enpleguak. Zaharren egoitza askok langileak kontratatu behar izan dituzte, gaixo zeudenak eta berrogeialdi estuan jarritakoak ordezkatzeko. Nafarroan, berriz, %15 handitu dira elikagai industriaren kontratazioak, eta %12,6, berriz, osasunaren arlokoak. Sektore horietan eta nekazaritzan ere langileak kontratatzeko premiazko beharra dagoela jakinarazi du Maria Carmen Maeztu Gizarte Eskubideetako kontseilariak.

Geldialdi ekonomikoaren kalteak oraindik ere ez dira antzematen beste datu batzuetan. Horrela, Belandiak iragarri du aldaketa handirik ez dagoela DSBE diru sarrerak bermatzeko errenta jasotzen dutenen artean, martxoan 151 gehiago soilik eman dituztelako. Guztira, 52.391 dira, iazko martxoan baino 2.492 gutxiago.

Langabezia sari bereziak

Langabezia sariei buruzko datua ere eman zuen atzo Lan Ministerioak, baina ez dago eguneratua, hilabeteko atzerapenarekin iristen direlako kopuruak. Hor ageri da langabeen %52k ez dutela eskubiderik saria jasotzeko.

Espero da apirilean asko handituko dela langabezia saria jasotzen dutenen kopurua, indarrean sartuko direlako bi langabezia sari berezi. Apirilaren 1az geroztik 440 euroko subsidio berezia jasotzeko eskubidea dute krisiaren ondorioz lana galdu eta besterik ez duten langileek —bi hilabetetik gorako kontratua izan dutenentzat soilik—. Lan osoa edo zati handi bat galdu duten etxeko langileek ere izango dute sari berezi bat jasotzeko eskubidea.

ABEEi dagokienez, LABek ohartarazi du langile askok maiatzera arte ez dutela langabezia saria jasoko, eta askok sari arruntean legokiekeena baino gutxiago jasoko dutela, seme-alabak izatea ez baitute aintzat hartuko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.