Koronabirusa

Egoiliarrekin komunikatzeko bideak eskatu dituzte senideek

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2020ko martxoaren 26a
00:00
Entzun
Zahar etxeetako egoiliarren familia batzuk ere ez daude lasai egoitza batzuk egiten ari diren kudeaketarekin. Xabier Pierrugues Gipuzkoako Senideak elkarteko kidea da, eta adierazi du kezkatuta daudela beren senideen bakartze egoeragatik: «Senideen bakardade eta frustrazio sentsazioak kezkatzen gaitu, eta egoitzetako arduradunek eta goi kargudunek ez dute ahaleginik egiten komunikazio bideak gaitzeko». Orain aste batzuk mugatu zuten bisitak egiteko kopurua: pertsona bat egun bakoitzeko. Baina orain ja ezin da bisitarik egin.

Egoera horri aurrea hartzea erabaki zuten senideek, eta bilera bat egin zuten Gipuzkoako Foru Aldundiarekin. Pierruguesek jakinarazi duenez, zahar etxeetan dauden senideekin harremanetan jartzeko bide bat eskatu zieten teknikariei, eta diputazioak egoitzei agindua eman zien bideo konferentzia bidezko komunikazioa bermatzeko. «Foru aldundia hasia da horretarako bitartekoak jartzen; egoitza gehienetan jada badaude aukerak komunikatzeko, baina ez guztietan». Esate baterako, tabletak jarri dituzte, egoiliarrek senideekin bideo deiak egin ahal izan ditzaten.

Komunikazio bide baten beharraz gain, babesa ere eskatu dute senideek. Pierruguesen arabera, zahar etxeetako langileek ez dute aski bitarteko babes neurriekin lan egiteko, eta horrek arriskuan jar dezake haien eta egoiliarren bizitza. «Langileentzako ahalik eta babes handiena exijitzen dugu», esan du Gipuzkoako Senideak-eko kideak; diputazioarekin izandako azken bileran jakin zuten materiala banatzen dabiltzala.

Etxera eramateko aukera

Gipuzkoako Foru Aldundiaren diputatuen kontseiluak COVID-19ak sortutako osasun krisiari aurre egiteko plan bat onartu zuen, herenegun, eta 56 neurri jasotzen ditu. Eider Mendoza diputazioko bozeramailearen arabera, egoera honi «modu estrategikoan eta koordinatuan» erantzuteko aukera emango du planak. Neurri horien barruan jasotzen da adinekoak egoitzetatik atera eta senideen etxeetara eramateko aukera. «Tokialdaketa eskatzen dutenen kasuan, haien egoerak posible egiten badu, etxeak egokitzeko beharrezkoa den laguntza teknikoa eskainiko zaio», azaldu zuen Mendozak.

Gipuzkoako senideek, ordea, ez dute horren begi onez ikusten neurri hori. Pierruguesen ustez, eskainitako aukera hori pixka bat «klasista» da. «Senide bat etxera eraman dezakeenak aukera eduki behar du horretarako: gaitasuna, eta bitartekoak».

Senideek uste dute, oro har, zahar etxeen sektorea bazterrera uzten dabiltzala: «Azken batean, nork pairatzen ditu ondorioak? Adinduen gorpuekin merkantilizatzen al da?». Pierruguesen iritziz, enpresek errentagarritasun ekonomikoa ateratzea dute helburu, ez besterik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.