Zaldibarko luizia

Berezko doluari beste osagai batzuk gehituz

Hilabete igaro da luizia gertatu zenetik, eta oraindik ez dituzte aurkitu Sololuzeren eta Beltranen gorpuak. Izaskun Andonegi dolu adituaren iritziz, senideek «etengabeko alertan» behar dute, «ziurgabetasunak» jota. «Halakoetan, ikaragarria da nekea».

Zaldibarko luizian desagerturiko langileen senideek loreak jarri dituzte zabortegitik gertu dagoen landareontzi batean. JAVIER ZORRILLA / EFE.
Igor Susaeta.
2020ko martxoaren 6a
00:00
Entzun
Alberto Sololuzek eta Joaquin Beltranek desagertuta jarraitzen dute Zaldibarko zabortegian luizia gertatu zenetik hilabete pasatu den honetan. Bi langileen senideek mezu argia helarazi diete instituzioei: lur-jausiak aurrean eramandakoen gorputzak nahi dituzte. Dolu prozesu batean dauden pertsonak laguntzen ditu Bidegin elkarteak, eta, Izaskun Andonegi hango erizain psikosozialaren ustez, joan den otsailaren 6ko luizian desagertutakoen senideak«dolu traumatiko bat» pairatzen ari dira. «Desagerpen batean, itxarote denbora horretan, bilakaera horretan daudenean, itxaropena dago». Horri «dolu anbiguoa» deitzen dio. «Etengabeko alertan daude. Baina, denborak aurrera egin ahala, gorpua aurkitzea da itxaropena». Andonegiren esanetan, desagerpen baten berri txarrak sortzen duen minari ziurgabetasuna gehitu behar zaio. «Eta, halakoetan, ikaragarria da nekea, baita antsietatea ere». Sololuzeren eta Beltranen senideek, beraz, beste osagai batzuk erantsi behar izan dizkiote heriotza batek berez dakarren doluari.

Ziurgabetasun hori nozitzen ari direnez, gorpurik ez dutenez, erizain psikosozialaren iritziz «zaila» da minari erreparatzea. «Gorputzaren aurrean zaudenean, errealitatea sortzen da. Galeraren errealitatearen aurrean zaude. Eta, gorputzaren aurrean ez zaudenez, alerta puntu batean segitzen duzu».

Badira, gainera, dolua «traumatikoagoa» bilakatu dezaketen«beste eragile» batzuk, Andonegiren hitzetan. «Batetik, uste baduzu heriotza saihets zitekeela, horren pertzepzioa baduzu. Eta, bigarrenik, pertsonak sufritu egin zuela pentsatzen baduzu». Sololuzeren eta Beltranen kasuan, argi samar geratzen ari da Verter 2002 SM zabortegian gertatutako ezbeharra saihestu egin zitekeela.

Gorpuarekin, atsedena

Bigarren eragilearekin lotuta, doluan daudenek zer egin ohi duten azaldu du adituak: «Istripua nola gertatu zen pentsatzeko, doluan dagoenak, askotan, fantasia bat irudikatzen du». Haren esanetan, «pentsamendu obsesiboak» sortzen dira, eta nerbio sistema aktibatu egiten da. Eta ohartarazpen bat: «Fantasiek ekartzen dituzten ondorioak egia baino okerragoak izaten dira batzuetan. Horrek ere sufritzera zaramatza».

Ezin da esan gorpuak azaltzen direnean «bigarren edo hirugarren» dolu bat hasten denik, «prozesu bera» baita. «Baina gorputza dutenean, familiak nolabaiteko atsedena hartzen du, modu fisiko batean agurtu dezakeelako». Jakinarazi du gorpuan topatutako elementu batzuk—«demagun erloju bat, lepoko bat...»— ematen zaizkiela senideei: «Elementu horiekin, eta gorputzari atseden emanez, nahiz eta ez ikusi, beste momentu bat hasten da». Absentziarena da une hori. «Eta horrek bere mina dakar».

Zain dauden bitartean, Andonegiren ustez oso inportantea da «autozainketa», nahiz eta nabarmendu duen hori egitea «oso zaila» dela, «alerta batean» daudelako. «Saiatu behar duzu, gainera, ingurukoekin segurtasun espazio bat sortzen, neke horri espazio bat emateko». Beste aholku batzuk dira atseden hartzeko ahalegina egitea egunero, ondo elikatzea, «noizbehinka» telefonoa itzaltzea, eta, kasu honetan, «komunikabideetan duten presentzia gutxitzea edo zaintzea». Iruditzen zaio, gainera, oso garrantzitsua dela «antsietatea murrizten» lagundu dezakeen norbait ondoan edukitzea.

Andoni Salameroren aburuz, «enpatizatu» egin behar da, «bestearen larruan» jartzeko ariketa beharrezkoa da. Agur omenaldien antolatzailea da, Edurne Salegirekin eta Jone Eizagirrerekin batera. «Besteari lagundu nahi badiot, nik jada urrats bat egin dut, errukia agertu dut. Nola? Hurbilduz, egoera ezagutuz, pertsona horri behar duen horretan nola lagundu jakinez». Eta Salamerok uste du «mila modu» daudela horretarako.

Andonegik badaki, dena den, dolu egoera batean egon daitekeela horretatik ihes egiteko tentazioa. «Oso naturala da hori, are beharrezkoa. Mina ikaragarria denean, ihes egitea erantzun bat da». Halere, zehaztu du ezen,jokabide horren helburua, ihes egin nahia baino gehiago, «babesa» aurkitu nahia dela. «Trauma bat gehiegizkoa denean, zure gaitasunak gutxitzen direnean, babestu egiten zara». Babestea litzateke, esaterako, ezbeharra gertatu den tokitik ez igarotzea, edo «momentu batzuetan gaiaz ez hitz egitea». Bestea zaintzea ere izan daiteke babes neurri bat, «zure mina begiratzeko prest ez zaudelako». Babes «emozionalak eta konduktualak» dira horiek, «beharrezkoa mina erregulatzeko», baina pixkanaka gutxituz joaten direnak.

Egoera «oso bortitza» dela aintzat hartuta ere, Salamerok ez lituzke «erreprimituko» barruko sentipenak. «Niretzat ezinbestekoa da egoeraz mintzatzea, amorrua badago ateratzea, elkar goxatzea, besarkatu behar bada besarkatzea».

Epaituak sentitzeko arriskua

Kasu mediatikoa da Zaldibarkoena, eta, neurri batean, desagertuen senideak ere pertsona publiko bilakatu dira. «Dolu soziala deitzen diogu. Gizarteak eragin bat sortzen du gure dolu prozesuan. Mediatikoa denean, dolu prozesuak jarraitzen duenean, epaitua senti zaitezke». Adibide bat jarri du Bidegin elkarteko erizainak: «Adibidez, pintxo-pote batean zaudelako, esan dezake norbaitek: 'Begira, hori hor dago'». Pentsatzen du «hilabete batzuk barru-edo» kasuak hedabideetan egun daukan presentzia apaldu egingo dela, eta senideen doluak beste bilakaera bat izango duela. «Jarraituko dute doluan, herritarren begi bistan. Horrek intimitate falta bat-edo sortzen du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.