Atzeratu dituzte urriaren 12ko ekitaldiari buruzko deklarazioak

jon olano
2021eko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
Hamabi pertsona telematikoki deklaratzera deitu zituzten gaurko Espainiako Auzitegi Nazionalean, urriaren 12an Espainiako Koroaren aurka eginiko ekitaldiaren harira. Ekitaldi horretan, Espainiako errege Felipe VI.a eta Kristobal Kolon irudikatzen zituzten bi estatua lurrera jaurti zituzten. Madrilgo elurteen ondorioz, ordea, atzeratu egin dituzte deklarazioak. Hori horrela, ikertuen alde gaur bertan Nafarroako Auzitegi Nagusiaren aurrean egitekoak ziren elkarretaratzea ere atzeratu egin dute.

Haatik, ikertuek elkartasun mezuak jaso dituzte azken orduetan; 56 eragilek azaldu diote atxikimendua auzitegi atarian egitekoak ziren mobilizazioari. Horien artean daude 1978ko Sanferminak Gogoan, Bilgune Feminista, AHT Gelditu, Salhaketa, Altsasuko Gurasoak, Nafarroako SOS Arrazakeria eta Euskal Herrian Euskaraz.

«Erronka politikoa»

EH Bildu izan da ikertuei babesa agertu dien alderdietako bat, Ezker Batuarekin batera. Bakartxo Ruiz indar subiranistako bozeramailearen hitzetan, «zentzugabea» da hamabi pertsona horiek deklaratzera deitzea, eta uste du horren atzean dagoen asmoa dela «erronka botatzea» eta «egoera politikoa baldintzatzea». Ruizek nabarmendu du «jai giroan» eginiko «performance» bat izan zela, «kritika politiko bat, inperialismoa eta monarkia salatzeko». Gaineratu du Espainiako Koroak «ukiezin eta zalantzaezin» izaten jarraitzen duela XXI. mendean, eta arbuiatu du gisa horretako protesta ekitaldiak «kriminalizatzen jarraitzea».

Era berean, gogorarazi du Giza Eskubideen Europako Auzitegiak epai bat argitaratu zuela 2018an, ebatziz Espainiako erregearen argazkiak erretzea adierazpen askatasunaren eta kritika politikoaren barruan sartu behar zirela: «Saio bat dago iraganera itzultzeko eta etengabe kriminalizatzeko adierazpen askatasunarekin eta kritika politikoarekin zerikusia duten ekitaldiak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.