Basoa eta ibaia ondoan ez dituen etxea dohakabetzat du 1596ko Refranes y Sentencias euskal atsotitzen bildumako seigarrenak. Erraz asma dezakegu zergatik, hirigintzak aspaldian haiek alboratzeko moduak aurkitu bazituen ere. Ura urrutitik daiteke bideratu, eta basoaren gaurko baliokidea supermerkatua, diskoteka edo hiri osoa bera izan liteke. Edo, irudiari lotuago, etxebizitzaren prezioa igoko duen gertuko lorategi bat, ez derrigorrez arboladuna.
Batzuetan literaltasunari atxikitzeko gogoa nagusitzen zaigu, baina. Ez dago zertan Thoreau bat izan, etxeko leihotik zuhaitz bat ikusi nahi izateko. Horregatik ez nau batere harritzen auzokideek Iruñeko Gurutzeko plazan zuhaitz mardulek osatzen duten baso txikiari eutsi nahi izanak.
Badirudi, momentuz, lortu dutela parkingeko lanak gelditzea. Alkateak, agian atzera egin izana (edo aurrera jarraitu nahia) zuritzeko, ustezko kontsulta bat atera nahi omen du poltsikotik. Antza, obrak afektatutakoek bakarrik bozkatu ahal izatea du asmo. Oso debate interesgarria: erabakia nori dagokion. Ez bakarrik galdera zein den, nork erantzun ezin duen ere, ebatzi ohi dute beti galdeketetako emaitza. Zuhaitz baten onura gizaki guztioi badagokigu, ez du boto-paperetarako aski arbolarik izanen.

JIRA
Basoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu