Oraindik ez da iritsi. Eta etxetik kanpo zereginak banituen ere, atzeratu ditut paketea, berez bi pakete, noiz etorriko zain. Txarrena da paketeak ez direla niretzat. Adiskidea ere baden auzo batek eskatu dit paketeak nik jasotzeko. Etxetik kanpo lan egiten ez dugunok etxean egon ohi garelako ustekizunak eraman du faborea eskatzera, eta nik onartzera. Zer esanen nion, bestela? Agian ateratzeko gogoak ala beharrak hartuko ninduela? Agian liburutegira joateko apeta izanen nuela? Agian tabernaren batean bilduko nintzela asteburuko zutabeetarako inspirazio bila? Edo posta bidezko salmentaren kontra nagoela? Gaur are kontrago.
Oraindik ez denez iritsi, ez dut ikusmiratu ahal izan zer duten barruan paketeek, gertuko saltokiren batean erosterik (edo hara ekartzeko enkargatzerik) ez dagoen zerbait ote den. Niretzat horixe da postazko salmenta zilegi egiten duen mugarria. Gustatzen zait hirigunetan dendak egotea. Eta merkexeago ateratzea ez da aski argudioa haien desagerpenean lagun dezadan.
Oraindik ez da iritsi eta ez dut beste inori paketeak nire ordez hartzeko eskatzerik. Hori du gaitza mesede bat onartzeak: eskatzailea bera baino lotuagoa egon ohi zaude. Etxean nago, baina ez dakit txirrinari erantzunen diodan.

JIRA
Postazko salmenta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu