Iaz %5 gehitu ziren lantoki barruko istripu larriak, Osalanen arabera

Lan istripuak %19,5 gutxitu ziren Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, pandemiaren eraginez. 2019an baino langile bat gehiago hil zen

Sindikatuek iragan ostiraleko lan istripua gaitzesteko eginiko elkarretaratzea, atzo, Getarian. LAB SINDIKATUA.
Imanol Magro Eizmendi.
2021eko uztailaren 16a
00:00
Entzun
Pandemiak eragin zuzena izan zuen iaz Araba, Bizkai eta Gipuzkoan gertatutako lan istripuetan. Osalanek emaniko datuen arabera, 2019an baino %19,5 gutxiago izan ziren guztira. Lantoki barruan izandako istripuak %19 murriztu ziren; lanerako joan-etorrian gertaturikoak, berriz, in itinere deritzenak, %23. Istripu mota guztiak, baina, ez ziren modu berean gutxitu. Izan ere, iaz 2019an baino langile bat gehiago hil zen lanean —29 guztira—, eta lantoki barneko istripu larrien kopurua %5 handitu zen. 2019an 160 istripu larri izan ziren lantoki barruan; iaz, berriz, 168.

Osalanek eta sindikatuek ez dituzte modu berean sailkatzen lan istripuak; horregatik dira sindikatuek eman ohi dituzten datuak baino txikiagoak. Era berean, eta Jaurlaritzaren barneko erakundea den heinean, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako datuak biltzen ditu bakarrik. Elsa Perez Lan sailburuordeak eta Lourdes Iscar Osalaneko zuzendariak eman dute txostenaren berri. Azaldu dutenez, pandemiaren eraginez ekoizpenean egondako etena izan du murrizketaren arrazoi nagusia. 2019an 37.157 istripu zenbatu zituzten guztira, in itinere-koak barne, eta iaz 29.222 izan ziren. In itinere istripuen jaitsiera nabarmenagoa izan da, eta hor, besteak beste, telelanaren eragina sumatu dute.

Osalanek sexu aldagaia txertatu du iazko txostenean, gizonek eta emakumeek «lan istripu modu ezberdinak» izaten dituztelako. Gizonezkoek manufaktura postuetan izaten dituzte istripuak; emakumeek, berriz, zerbitzuetan eta in itinere. Azken horien batezbestekoetan alde handia aurkitu dute. Egia da gizonek istripu gehiago izaten dituztela bidean, baina 1.000 langileren araberako estrapolazioa eginez gero, gizonezkoen tasa 2,86 da, eta emakumezkoena, 4,03.

Tasa horrek istripuen genero joera orokorra hausten du. Zein da arrazoia? Perez oso grafikoa izan da arrazoietako bat ematean: «Umeak zaindu edo erosketak egiteko lanetik presaka irten behar izateak ere eragina du». Dena den, oro har gizonezkoek lanarekin zerikusia duten trafiko istripu gehiago dituzte; hori bai, txostenaren egileek zehaztu dute garraiolari postu gehienetan gizonezkoak daudelako dela.

Osalanek beste aldagai batzuen araberako entresakak egin ditu, eta sailburuak azaldu du «lan baldintza txarrek» eragin zuzena dutela istripuetan. Alde horretatik, eta eskarmentuari dagokionez, istripuak jasandako langileen %28k urtebete baino gutxiago zeramaten postuan.

«Neurririk ez da hartzen»

ELA, LAB, ESK, Steilas, EHNE eta Hiru sindikatuek elkarretaratzea egin zuten atzo Getarian (Gipuzkoa), iragan ostiralean jazotakolan istripu larria salatzeko. Hildakoa LAB sindikatuko kide eta ordezkari ohia zen, eta, sindikatuen arabera, aurten Euskal Herrian lan istripuan hildako 32. langilea da. LABek salatu zuen istripuak ez direla zoriaren ondorio, «prekarizazioaren, lan harreman ereduaren, lan arautegiaren eta azpikontratazioaren ondorio baizik». Era berean, erakunde publikoei leporatu zieten istripuak eragozteko behar adinako ahaleginik ez egitea: «Zer aldaketa egiteko prest zaudete lan eredu hiltzaile hau geldiarazteko? Ez da neurririk hartzen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.